Kontxako Bandera. 'TXIKI'-TIK

Nondik begiratu, hor dago gakoa

Itziar Olasagasti.
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Apirilean galdetu baligute Donostiako estropadak zalerik gabe edo ezer, denok erantzun bera emango genukeen. Kaiko bizilagunak kexu, arraunlariak arraro eta zaleturik ez. Egoera honi probetxurik ateratzen saiatu direnik ere bada; 60 eurotan itsasontzian ikus zitekeen estropada, edo 150 euroan, hoteleko gelatik.

Isiltasun horretan ez zegoen beste urteetako tentsio unerik, ez zen ezezagunik argazkirik ateratzeko eskatzen, inor trainerua bere eskuekin ukitzen, edo tabernako barran egongo balitz bezala, ukondo eta bizkarrak erremolke edo traineruan jesartzen zituenik. Horrenbeste segurtasun eta osasun neurri eta hesi tartean, gure ordezko arraunlariek komeriak izan zituzten estropadak zuzenean ikusi ahal izateko. Zaletuei ohar errepikatua: etxean telebistaz ikusi eta kito.

Bi segundo asko edo gutxi dira? Lehen luzean lau segundo atzetik gindoazenekin konparatuz gero, sekulako emaitza da. Estropadako bederatzigarren minutuarekin alderatuz gero, zazpi segundo aurretik ginenean, ño! Gutxitxo iruditzen zaizkit bi segundo horiek. Donostiarrakoek pentsatuko dute hobe direla bi segundo atzetik lau baino, eta Oriok, aldiz, nahiago lau alde bi baino. Brankaz, txopaz, ababorretik, istriborretik, ur azpitik edo drone batetik begiratuta ere, 2,22 segundo Orioren alde. Datorren astean erabakiko da bandera.

Entrenamenduetan zubi azpitik pasatzean zaleen txaloak entzutea zoragarria izan ohi da. Igandean, aldiz, autobusean zubia zeharkatzean jaso genituen zaleen txalo eta animoak. Hori bai zoragarria! Milesker taldearen izenean!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.