Prentsan beti irakurtzen da atseden eguna asko eskertzen dela txirrindularion artean. Eta lehenengoa halaxe izaten da, Vueltako bigarren asteari indarberrituta ekiteko. Baina bigarren atseden eguna motz geratzen da, oso nekatuta iristen baikara. Eskertzen dugu, noski, baina beti zapore hori uzten digu, gutxitxo izan dela.
Hamar ordu egin ditugu lo, eta goizeko hamarretan esnatu gara. Gosaldu ondoren, entrenamendu txiki bat egin dugu, 40 kilometrokoa, baina oso poliki. Zikloturista pare batek ere pasatu gaituzte bidean, euren tripatzarrekin, eta guri grazia egin digu. Izan ere, normalean alderantziz izaten da, baina gaur [atzo] ez. Ez da oso ohikoa izan egoera hori, baina jakinaren gainean geunden oso nekatuta geundela.
Bazkalondoan, bi orduko siesta egin dugu gehienok, eta hamabi ordu lo egiteak erakusten du nola dauden gure gorputzak. Arratsaldean, berriz, kontu gutxi. Gehienok etxekoen bisita jaso dugu, eta izugarri estimatzen da. Inoiz beharra badago bisita jasotzeko, horrelakoetan egoten da. Moral aldetik gora egiteko gauza ederra izaten da.
Egunaren txarrena zera izaten da, azkar bukatzen dela, eta afalorduan biharko [gaurko] etapako kontuak izango ditugu izpide. Horrek estresa sortzen du. Etapak oso hasiera gogorra dauka, eta ez da erraza izango. Aukera ugari daude ihesaldia helmugara iristeko, eta horretan ahaleginduko gara, aurrean sartzen. Dena den, tropel guztiaren nahia izango da hori, eta zaila izango da.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik
Nekea igartzen da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu