Danel Agirre.
Saski da!

NBAko bideek lerro ugari

2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Begi klinikoan miopia. Baskoniaren kontu korronteentzat pizgarri aproposak suertatu izan badira ere, ez dago jakiterik Stanko Baracen eta Nemanja Bjelicaren salmentek klubeko ugazabak guztiz asebete dituzten ala ez. Ekonomikoki, errentagarriagoa da jokalari bat Efes Pilsenera bidaltzea Boston Celticsera baino, fitxaketak dirutan ordaintzeko AEBetan dauden muga estuengatik. Baina hain etorkizun oparoa zuten piezak erakarritakoan, Gasteizen bizpahiru urte arrakastatsu igaro ondoren biek ala biek Atlantikoaren bestaldera salto egitea espero genuen askok. Talentu gaztea garatzeko abileziak kokatu zuen Baskonia elitean, eta azken urteetan Scola edo Macijauskas berriak sortzeko edo garatzeko ezinak taldearen kirol ibilbidea zertxobait itsustu du.

Geldi blokeoetan, Tibor. Mirza Teletovic izan zen Forondatik NBArako aire zubia erabili zuen azkena. Eta Oklahomako arduradunek kopeta azpian bi begi badituzte, Tibor Pleiss Kevin Duranten aldagela berean eseriko da datorren irailetik aurrera. Morrosko garaiek ikuskatzaileak eztiak erleak bezala erakartzen dituzte. Alemaniarrak badu beste hainbat erraldoirengan aurkitu ezinezko bertute bat: saskibaloian ederki jokatzen du. Scarioloren lana da Pleissen gabeziak estaltzen laguntzea, eta entrenatzaileak ederki daki non dagoen bere pibotaren galbidea. Alemaniarrari falta asko adierazten dizkiotelako kexu zen igandean italiarra, baina blokeoetan gutxiago mugitu dadin erakutsi nahian ariko da, ziur, entrenamenduetan.

Liga traidorea. Europan ederrak eginda NBAra joateak ez du inongo estatusik bermatzen liga berrian, talde apalenetan lur hartuta ere. Batetik, Dirk Nowitzki Alemaniako bigarren mailatik All Star bihurtu zen, tarteko urratsik gabe. Bestetik, Juan Carlos Navarro edo Vassilis Spanoulis adin ezin hobean iritsi ziren Memphis eta Houstonera, baina urtebete baino ez zuten iraun han. Mirza Teletovicen moldaketa ere ez da batere samurra suertatzen ari. Manel Comasek asmatutako esamoldeak zioen bezala, ipurdiak egur usaina zeriola eserita ibili da denbora luzez. Brooklynek denboraldia negargarri hasi duela eta, Jason Kidd entrenatzaileak pistan jarri du azken bi asteetan, eta bosniarrak hiruko mordoxkarekin erantzun du. Jaurtiketak sartzen ez direnerako zerbait pentsatu beharko du, aulkira bueltatu nahi ez badu. Txarrenera, datorren udan Turkian edo Moskun txeke potolo bat izango du zain.

Sergio Rodriguezekin zoratuta. Estatu Batuetan arrakasta izatearekin itsutu eta bere ibilbidea ia pikutara bota zutenen artean adibide argienetako bat da Sergio Rodriguez. Jokalari gisa guztiz egosi gabe heldu zen espainiarra Portlandera, bere dohainak han garatzeko itxaropenarekin. Lau urtetan hiru talde ezberdinetan 22 aldiz irten zen hasierako bostekoan, eta inork benetako aukerarik eman ez zion sentipenarekin, Real Madrilera aldatu zen. Bueltatu eta lehen denboraldian ikusitakoaren arabera, bazirudien junior mailan liluratu zuen antolatzaile hura ez genuela berriz gozatuko. Pablo Lasorekin lanean hasi zen orduan, eta bizarra luzatzen uztearekin batera bere jokoa maila miresgarrira jaso zuen. Egun, Europako saskibaloian ez dago bera lanean ikustea baino denbora-pasa atseginagorik.

Zazpi Kaletatik. Gorpuzkera ahularekin NBAn etorkizun zalantzazkoa bazeukan ere, bi belaunetan pairatutako txikizioek baldintzatu dute Raul Lopezen ibilbidea. Zangoak %100era, nekez izango lukete Bilbon haren jarduna dastatzeko aukera. Baina Miribillara onenak emanda iritsi zela uste zutenak azken hilabetean isilik daude. Inspirazioz gainezka dabil Lopez, eta bizkarrez ere saskiratuko luke oraintxe, hala behar izanez gero. Bera da azken asteetan Bilbo Basketek aurpegi alaiagoa azaldu izanaren erantzule ia bakarra. Erregaiak irauten badio, Rafa Pueyok askoz buruhauste gutxiago izango ditu. Hori bai, Dinamo Sassariren aurka luzapenera joateko ia Zazpi Kaletatik sartutako hirukoa errepikatzeko eskatzea gehitxo litzakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.