Joan den astean emakumeen txanda izan zen, eta orain gizonena. Bai, lehen ebaluazioa egiteko garaia da; Baskoniak erabateko etenaldirik izango ez duen arren, Euroligak ez baitu horretarako tarterik uzten. Baina noizbait egin beharreko zerbait da. Ez dago besterik. Gasteizen, gainera, garai onean eta beharrezkoan daude horretarako.
Ahala
Hain zuzen ere, azken partidetako emaitzek eta, batez ere, sentipenek eragina izan dute Buesa Arenako bulegoetan. Betikoa da, saskibaloia irabaztea edo galtzea baino askoz gehiago da: transmititzen den hori erabakigarria da. Gainera, emaitzak ere agerikoak dira. Azken zazpi partidetatik sei galdu dituzte gasteiztarrek; egutegiak, gainera, ez du barkatzen, eta, orain, bidaia eta aurkari gogorrak izango dituzte hurrengo jardunaldietan: Olympiakos eta Zalgiris etxetik kanpo, eta Valentzia eta Fenerbahce etxean.
Euroligan egin zuen eztanda egoerak, orain arte arabarren babesleku eta aitzakia izan den txapelketan. Monakoren aurkako lehen zatiak aspaldiko mamuak erakarri zituen berriro Zurbanora. Azaroa hilabete erabakigarria izan ohi da entrenatzaileentzat Baskoniako aulkian. 2012an Dusko Ivanovicentzat, 2014an Marco Crespirentzat, 2018an Pedro Martinezentzat eta 2021ean berriro Ivanovicentzat. Entrenatzailea izango ote da arazoa? Pablo Lasok zerbait antzeman du, argi dago, Monakoren aurkako partidaren ostean ordubetez egon baitziren aldageletan hitz egiten. «Betiko arazoak» aipatu zituen entrenatzaileak.
Jokalariez hitz egiten ari zen, hasieratik huts berak egiten dituztela, analisirik edo hobekuntzarik gabe. Baina egoera bera hainbestetan gertatzen denean, agian «betiko arazo» horiek beste nonbaitetik datoz. Azken batean, arrazoi batengatik edo bestearengatik, baina Baskoniak hankamotz hasten du denboraldia. Antolatzailea falta ez bada, barneko jokalari bat falta da; edo, bestela, denboraldi honetan gertatu den modura, jokalari bat kanpoan utzi behar izan dute pasaportea lortu arte.
Baskonia Euroligako bigarren defentsarik onena izan da, Big Dataren arabera, lehen zazpi jardunaldietan. ACBn, berriz, ligako defentsarik txarrena. Erakusle argirik ez dago bi lehiaketen arteko desoreka ikusteko. Batean hainbeste, eta bestean ez nahi beste. Bai, defentsako lana, askotan, nahia ere izaten da eta.
Nahia
Bilbo Basketek ere ez ditu nahi beste garaipen eskuratu ACB ligan. Europan, ordea, denak irabazi ditu. Denek nahi dituzte garaipenak pilatu. Gainera, hurbil baduzu eta luzapenean galtzen baduzu, are eta mingarriagoa da. Horrela galdu dituzte bilbotarrek bi partida, Murtzian eta Gironan. Berez, denboraldi hasierako kontuetan garaipenak lortzeko pabiloi zailak ziren, etxetik kanpoko guztiak bezala. Mingarriak izan dira bereziki denbora askoan aurretik joan zirelako. Hori bai, egutegiko zatirik zailenetako bat igaro dute dagoeneko, eta hurrengo jardunaldietan izango dituzte «haien ligako» aurkariak: Zaragoza, egungo Baskonia, Lleida eta Manresa.
Horrela laburbildu du Jaume Ponsarnauk behin baino gehiagotan Bilbo Basketen lana: minutu onak txarrak baino gehiago dira, baina txarrak bereziki txarrak izaten dira. Hain zuzen ere, ondo jokatu dute bizkaitarrek, baina segida edukitzea falta izan dute batzuetan; baita erreferente falta ere, agian. Talde luzea eta orekatuagoa dauka aurten Ponsarnauk, baina aldi berean, dena izatea gutxi batzuen esku dagoenez, momentu erabakigarrietan baloia hartzeko ardura horren falta nabaritu dute.
Erreferentea izatekotan, baina bestelakoa, Xavi Rabaseda da. Haren falta sumatuko dute, seguru. Izan ere, jokalari baten garrantzia ez da bakarrik estatistika orriari begira ezartzen. Ruben Dominguezek Europan lortutako konfiantza mantendu beharko du ACBn. Era berean, abenduaren 4an hasiko dute bizkaitarrek lehiaketako bigarren fasea. Hemen aurkariak oso bestelakoak izango dira: Cholet eta ESSM Le Portel frantziarrak eta Dinamo Sassari sardiniarra. Cholet, adibidez, Frantziako ligako liderra da Paris, Monako edota Asvelen aurretik. Nahia, batzuetan behintzat, ahala da, ez dago besterik.