gorka erostarbe leunda
Kate librean

Munduan behe lainoa

2025eko apirilaren 9a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

25 urte dituen mendi bizikleta herdoildua hartu, eta goizean goizik, artean giro hotza dagoela, banoa Eitzaga mendatean behera. Abentura txiki bat, Beasainera bidean, askorik pentsatu gabe, gaztetxotan bizikleta hartzen genuenean bezalatsu.

Nork ditu bere jomugak eta mugak, baita bizikletan ibiltzerakoan ere. Bordeletik Tolosarainokoa, Garona ibaiaren abaroan, egitea dugu ments opor txikietan. Eta, ezinbestean, 15 urtez geldi egon den katxarroa taxuz biziberritu behar. Joan naiz herriko bizikleta denda bakarrera. Erakusleihoari erreparatu diot; itxura hipersonikoa duten dozena erdi bizikleta salneurri beheratuetan. Merkeena: 2.800 euro. Garestiena: 7.500 euro. Gourmet bizikletak.

Beheratuak?

Ormaiztegi behe lainoak hartuta, nola ez, Mundua bezalatsu.

Asko aldatu dira gauzak azken 25 urteetan. Mundua bera aldatu da goitik behera —eta ez alderantziz—. 100.000 pezeta ingurutan (600 euro) eskuratu nuen bizikleta 2000. urtean. Orduko soldataren erdia izango zen gutxi-asko. Bazen zerbait. Orain hiru bat soldata beharko nituzke gama ertaineko bat erosteko. 2000. urtean hiruzpalau bizikleta denda, aldi berean, irekita zeuden gure Zumarraga-Urretxuetan. Eta haurrak beti haien bueltan.

Denda garestiegi dela iritzita, Beasainera joateko deliberoa hartu dut, bizikletan joan ere. Han pare bat denda daude, eta, haietako batean, bizikleta eta prezioa estandar samarrak. Gauzak zer diren: gaur Beasainen amaituko da etapa.

2000. urtean lau euskal txirrindulari sailkatu ziren Itzuliko sailkapen nagusiko lehen hamarren artean.

Aurten?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.