mikel reina
Hirukotik

Mundu berri baten mapa

2025eko urtarrilaren 28a
05:05
Entzun

Mundu berri baten maparen pare. Horrela dago emakumezkoen saskibaloia. Lehendabizi, WNBAren paradigma aldaketa izan zen, eta orain Unrivaled Ligaren sorrera. Baina berritasun edo aldaketa guztietan beti dago alde kalteturen bat, eta hori Europako saskibaloia da.

Emakumezkoen munduko ligarik onena asko zabaldu da azken urteetan. Sabrina Ionescu, eta batez ere Caitlin Clarken bidez, ikusle kopurua handitu besterik ez da egin. Beti bezala, produktuan baino gehiago, figuran egoten da garrantzia askotan. Lehen ere munduko saskibaloi ligarik onena zelako, baina orain hori aldarrikatzen eta erakusten dute. Proiektu bat dute.

Errusia eta Txina

Duela urte gutxi batzuk Europan ikusten ziren aurrez aurreko lehiarik onenak. Ozeanoa zeharkatzen zutenean, diruaren bila, Errusiara izaten zen batik bat. Lehengo Errusia orain Turkia da. Gaur egun, akaso, Europako WNBAko izarrek egiten dute jauzia; Emma Messemanek eta Gabby Williamsek, adibidez. Etxetik gertuago egoteko batez ere. Ligarik onenean lekua ziurtaturik ez duten jokalariak daude orain Europan, baina ez denboraldi osorako. WNBAtik kanpo geratzeko arriskua dela eta, trainning camp-eko lehen entrenamenduetan egon beharra dute askok eta askok. Horiek apiril edo maiatz inguruan hasten dira, eta ordurako bertan egon beharra dute. Ordurako, berriz, Europako liga asko ez dira amaitu, eta, horren ondorioz, kanporaketetarako kanpoan egon daitezke.

Euroligak arin erreakzionatu du, eta formatu aldaketa bat proposatu du. Zaragozak hartuko du hurrengo hiru urteetan azken fasea. Baina ez da ohiko Lauko Finala izango, sei talderen artekoa izango baita. Horrez gain, orain modan dagoen kanporaketen aurreko kanporaketa formatua ere sartu nahi izan dute. Apirilaren 9tik 13ra jokatuko da. Egin kontu, emakumezkoen Espainiako Kopa martxoaren 20tik 23ra jokatuko da toki berean.

Ameriketako Estatu Batuak

Baina Unrivaled Ligak berriro ere eszenatokia aldatuko du, Breanna Stewartek eta Napheesa Collier jokalariek sortutako hiruko saskibaloi txapelketak. Hau ere moda kontua izango ote da? Aztertu beharrekoa da 3x3 formatuak azkenaldian hartu duen indarra. Hau, ordea, desberdina da: ez da kantxa erdian jokatzen, 22 metro luze eta 15 metro zabal den kantxan baizik. Urtarrilaren 17an hasi zen, eta martxoaren 17an amaituko da. Hau da, jokalariek bi hilabeteko txapelketa izango dute, WNBAko denboraldia maiatzaren 16an hasi aurretik.

Sei jokalariko sei talde sortu dituzte, eta Miami dute egoitza. Ez dute edozein toki aukeratu, ez. Lau laurdeneko partidak dira, lehen hiru laurdenek zazpi minutuko iraupena dute, eta azkenak mugagabea. Noiz amaitzen da partida? Hirugarren laurdenaren amaieran, aurretik doan taldearen emaitza baino 11 puntu gehiago lortzen dituen taldeak irabaziko du. Esate baterako, hirugarren laurdenaren amaieran emaitza 60-50ekoa izatekotan, 71 puntura heltzen den lehen taldeak irabaziko du.

Baina hori ez da berritasun bakarra: jabetza bakoitza 18 segundokoa da. Gainontzeko hiruko saskibaloi txapelketetan, berriz, 12 segundokoa da. Horregatik, denbora berreskuratzeko, jaurtiketa libreetan egin dute aldaketa. Jaurtiketa bakarra egingo dute, betiere jokaldiaren baliokoa. Hau da, adibidez, hiru jaurtiketa libre bota beharrean, bakarra botako dute baina hiru puntu balio duena.

Europa

Mapa berrantolatuko duen txapelketa da azken hori. Hasteko, munduko 40 jokalaririk onentsuenetako batzuek alde batera utziko dituztelako Europako eta Txinako abenturak. Jokalari bakoitzaren soldata batez beste 200.000 eurotik gorakoa da. Adibidez, otsailean bat baten aurkako txapelketa bat antolatu dute jokalari guztien artean, eta irabazleak 250.000 euro irabaziko ditu, eta haren taldekideek, 10.000 euro. Gainera, partidak irekian ematen dituzte. Youtubeko UnrivaledBasketball kanalean.

Argi dago mundu berri baten mapa dela. Tiffany Hayesek, Katie Lou Samuelsonek, Jewell Loydek, Kaleah Cooperrek eta halako jokalariek Avenidan jokatu izan dute; Chelsea Grayk, berriz, Gironan. Gernikan ere jokatu izan zuen hilabete gutxi batzuetan Courtney Williamsek. Orain, Europa mapatik kanpo dago, eta hori ez da Donald Trumpen errua, momentuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.