Itziar Olasagasti.
'TXIKI'-TIK

Moila bazterretik

2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Orion ohikoa da iluntzeetan hondartzatik etxera bidean, txikiteoaren aitzakian edo besterik gabe, arraunlarien entrenamendua ikustera moila bazterrera edo ibaiertzera gerturatzea. Bertan jende mota asko elkartzen dira: arraunlari ohiak, arraunlarien senitartekoak, arraunzale sutsuak, asteburuko emaitzak analizatzen iaioak direnak, laguna xaxatzeko astakeriak esaten dituena, isil-isilik dena ikusten eta entzuten dutenak, asteburuko estropadak lau aldiz ikusi dituztenak edo irratiz ikusi zuen hura eta besteek baino gehiago dakiena.

Atzo astelehena izanik, ohiko moduan zazpi traineru genbiltzan itsasadarrean: Orioko hiru traineruak, zarauztarren beste hirurak eta Tolosaldekoak. Gutxi izango dira entrenamendu garaian itsasadar berean hainbeste traineru ibiltzen direnak (Pasaia eta Bilbokoak agian). Moila bazterreko lagunek urrutitik bereizten dituzte zazpi traineruak. Tira, beti ez. Zenbaitetan ez dituzte bereizten Orio A, B edo neskak garen! Hala ere, hainbat teoria izango dituzte zergatik Euskotreneko hasiera hamabi minutuz luzatu zen, nik oraindik ez baitut ulertzen nola iraun genuen hainbeste.

Datuei buruz galdetzen duenik ere bada tartean. Orioko emakumezkoek 11 denboralditan 210 estropada jokatu ditugu Euskotreneko lehen garaipen honen aurretik. Gogoratu zifra: 210.ean bandera. Bigarrengoa lehenago iritsiko ote da!

Igandean, ordea, ez genuen gure onena eman eta donostiarrak hobeak izan ziren. Beraz, zorionak! Larunbateko garaipenaren ongietorria San Pedro festetan ospatu genuen, igandeko zapore gazia gainean. Herritarrek zoriondu eta berehala, igandekoaren kritikak entzuten hasi ginen. Ongi etorri Oriora, neska zein mutil!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.