Estitxu Zabala.
«BIKIN GORA!»

Mina

2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Mina. Batzuek ikasi egiten dute minarekin bizitzen, eta isil askoan daramate. Beste batzuek min txiki bat duten bakoitzeko lau haizeetara zabaltzen dute. Mina oso ohikoa izaten da arraunlariontzat: ipurdian, eskuetan, bizkarrean... estropada bat kanpotik ikusi beharraren mina, estropada on bat ez egin izanaren mina, saririk gabe geratzearen mina... Patroientzat, ohikoena eztarriko mina izaten da, builaka ibili behar horrek dakarrena.

Barrua minduta izango zuten Hibaikakoek eta Urdaibaikoek. Joan den igandean denbora onena eginda ere, banderarik gabe itzuli baitziren etxera, kolpe gogorra jasota. San Juan eta Orio, berriz, erakustaldi ederrak eginda, gustura egongo ziren, gorputzeko min guztiak ahaztuta.

Batzuok aste batzuetarako ahaztuko ditugu minak eta ezinak. Beste batzuek, berriz, datorren asteburuan izango dute denboraldiko egunik garrantzitsuena, TKE mailarako igoera jokatuz. Poza izango da bizirik ateratzen direnentzat, sekulako mina erronka gainditzen ez dutenentzat.

Gaurkoan, buruko min galanta nirea! Ez dut sekula biharamunarekin idatzi zutabea, asteburuko estropaden edo entrenamendu saioen ostean idatzi baitut normalean, lo kuluxkatik esnatzean. Igandean, ordea, antolatua zegoen bezala, klubeko kideekin bazkaldu eta parranda ederra bota genuen ondoren, Donostiako Parte Zaharrean. Ospatu beharra zegoen denboraldi bukaera, egin beharra zegoen denboraldiko parrandarik desiratuena. Beraz, ez daukat gorputza hausnarketa sakonetarako, barkatu. Kamiseta, jertse eta zapi berdea nituen soinean; bueltan, horien arrastorik ez; bandera zuri bat, kamiseta urdin bat, eta beste kamiseta zuri bat nituen aurrekoen ordez. Eta tartean, pasarte xelebreak. Hori du Kontxak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.