Abel Barriola.
ANALISIA

Mikel, perfekzioaren bila

2015eko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Penatuta nago, uste dudalako gaurko finala Aimarrek eta Oinatzek jokatu beharko luketela. Zoritxarra, baina, Oinatzen bidean gurutzatu zen, eta ondo merezitako saririk gabe utzi du. Zeresana eman du finala gehiago ez atzeratu eta Urrutikoetxea sartzearen erabakiak, baina hori dio araudiak. Ez dagokit niri esatea konponbide hobea edo okerragoa den, baina nik gauza bat argi dut: araudi bat baldin badago, bete dadila. Hala bukatuko dira betirako eztabaidak.

Finala aldatu egiten da Mikelekin edo Oinatzekin, pilotari ezberdinak direlako. Halere, Aimar da faboritoa. Besteak beste, finalak ezustean harrapatu duelako Mikel, Aimarrek hobeto prestatu duelako, eta eskarmentu handiagoa duelako. Tira, eta Aimar delako eta maila bikaina erakutsi duelako. Binakako txapelketan, arazo fisikoen erruz, bolada txarra izan zuen, baina berriz ere goian da. Pilotariok bagenekien sasoia hartu bezain laster berriz puntan egongo zela. Noiz arte iraungo duen galdetzen dute askok. Hori pilotalekuak erabakiko du, eta, 36 urte izan arren, buruz buruko finalean bada, ezin esan indarrik gelditzen ez zaionik.

Mikeli buruz, uste dut ezustekoa eman dezakeela, baina perfektu jokatu beharko du, oparirik egin gabe. Aimarrek inork baino hobeto baliatzen ditu opariak. Baina, tira, Mikelek asko egin du gora azken urteetan, bere multzoarekin ondo ari da lanean, eta badu Aimar estutzeko gaia. Hori bai, dena ondo egin behar du, eta, bereziki, tantoa bukatzen asmatu. Inbidiaz ikusiko dut finala, txapelketa osoa bezala, baina ez naiz damutu ez parte hartu izanaz. Zailak izan arren, erabakiak hartu egin behar izaten dira, eta uste dut nirea zuzena izan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.