Felipe Eizagirre.
ARRAUN-MINEZ

Martxa

2015eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Martxa horretan Zumaiak irabaziko du Euskotren liga! Ez hobeak direlako, banderak igandez beraiek etxeratzen dituztelako baizik. Batelerak eta Telmo Deun lehia bizian dabiltza liga hasi zenetik. Larunbatetan sanjuandarrek puntu baten aldea lortzen dute, eta igandeetan zumaiarrek berdindu. Hala segituz gero, ligaren bukaerara erabat berdinduta iritsiko liratekeenez (bai puntutan, bai bandera kopuruan eta bai euren arteko postuen lehian ere), azken saioak izango luke balio handiagoa; liga gorriz margotuz. Hemendik aurrera, ordea, zumaiarrak horren ongi moldatzen diren itsasoko saioak datoz (Noja, Getxo, Zarautz), eta badirudi euren aldeare nabarmenago hautsiko dela orain arteko martxa hori; pasaiarren baimenarekin, betiere.

Martxa hartu eta egin duena San Miguel ligaren liderra da. Hondarribiako arraunlari guztiek irabazi dute, gutxienez, bandera bat ligako orain arteko estropadetan (arraun eginez, esan nahi dut), eta horrek adierazten du arraunlari bakoitza baliotsua dela. Baina areago, euretako lau baino ez dira bost banderak irabazi dituztenak. Gainera, aurreko astean Donostian nagusitasunez irabazi zuten txapelketan, lau horietako bakarrak tiratu zuen. Eta horrek guztiak asko esaten du Ama Guadalupekoa-ren alde; ontzi horretan ezinbestekoa den inor gutxi edo inor ez dagoela, alegia. Amunarriz patroia baino ez, akaso. Datu horiek esaten ez digutena, hain zuzen, igandeko hirugarren luzeko arraunketak (entrenatzen ari zirela zirudien!) eta batere azken txanparik gabeko azken luze hark esan ziguten. Ni oraindik lerdea lehortu ezinda nabil!

Gainontzekoetan, gutxitan adinako bandera banaketa, estreinaldiak tarteko: Hondarribia, Deustu, Castro, Zarautz-Getaria eta Donostiarra. Ez da seinale txarra!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.