Nerea Zusberro Alberro.
Analista eta kazetaria

Marrazki berria, sentsazio hobeak

2025eko apirilaren 10a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Athleticek Glasgow Rangersen aurka neurtuko ditu gaur indarrak, Europa ligako final-laurdenetako joaneko partidan. Rangersek Fenerbahceren aurka jokatu zuen final-zortzirenetan, eta kanporaketa hori mugarri izan zen haren denboraldian. Eskoziako taldeak bi partida bakarrik zeramatzan Barry Fergusonen aginduetara, eta liderrarengandik 13 puntura zegoen Premiershipen—Eskoziako Ligan—. Hala, Turkiako taldea zen faborito kanporaketan.

Baina, final-laurdenetarako sailkatzeaz gain, Rangersek jokatzeko egitura berri bat aurkitu zuen kanporaketa hartan. Mourinhoren taldera egokitzeko beharretik sortu zen egitura hura. Fergusonek alde batera utzi zuen Phillipe Clementek erabiltzen zuen 1-4-3-3 marrazkia, eta taldea 1-3-4-3 marrazkiarekin osatu zuen. Aldi berean, 1-3-4-3 hori 1-5-4-1 bihurtzen zen bloke baxuan ezartzen zirenean, Turkiako taldearen bi aurrelariak zaintzeko asmoz. Sufrituta, baina esperimentuak funtzionatu egin zuen.

Fergusonek jarraitu egin zuen egitura horrekin Premiershipen, eta Rangersek Celtic garaitu zuen, aurkari handia: 2-3. Celtic lider zegoen ligan. Aurreko asteburuan, ordea, lau jokalariz osatutako defentsa lerroarekin jokatu zuen, eta galdu egin zuen Hibernianen aurka. Beraz, marrazki berriarekin lortu ditu Rangersek jokorik eta sentsaziorik onenak denboraldi honetan.

1-5-4-1 bloke baxuan

Valverdek zuzentzen duen Athleticek eta Mourinhoren Fenerbahcek ez dute marrazki bera erabiltzen. Hala ere, Athleticek kanpoko erreietatik erasoko jokoa sortzeko duen gaitasuna geldiarazi nahian, baliteke Fergusonek aurreko kanporaketako egitura bera errepikatzea. Sistema horrek aukera ematen dio hegalekoak, gora egiten duen hegaleko atzelariak eta euskarriak defentsa lanetan bat egin dezaten. Hala, aurkariaren triangulazioak saihestea lortuko dute, eta Williams anaien buruz buruko abantaila murriztuko dute.

Erdiko atzelariaren eta gora egiten duen hegaleko atzelarien arteko tartea ere estutu egiten da. Tarte hori da lau jokalariz osatutako defentsa-lerroarekin gehien eraso zioten eremua. Are gehiago kontuan izanda Sancet munduko erdilari bikainetakoa bihurtzen ari dela, hain zuzen ere, eremu horretan haustura mugimenduak egiten.

Gogora dezagun, gainera, Athleticek sufritu egiten duela bloke baxuan kokatu eta baloiaren ardura osoa ematen dioten taldeen aurka. Getafek eta Leganesek, adibidez, berdindu egiten zuten San Mamesen. Mallorcak, halaber, jokalari bat gutxiagorekin eutsi zion. Son Moixen jokatu zen partida hori. Athleticen aurka emaitza on bat lortzeko gakoetako bat da defentsa-lerroaren bizkarrean tarterik ez uztea.

Kontraerasoa eta goian finkatzeko gaitasuna

1-5-4-1a azkar aldatzen dute 1-3-4-3 batera. Hala, erasoko hiru jokalariek kontraerasoan irteteko gaitasun handia dute. Eskuinetik agertu ohi da haien jokalaririk desorekatzaileena: Vaclav Cerny. Une honetan hura da eskoziarren jokalarien artean sasoikoen dagoena ere. Txekiarrak gaitasun handia du eraso azkarrak gidatzeko eta ezker oinarekin amaitzeko. Bi gol sartu zituen Turkiako taldearen aurka. Zaindu beharreko jokalaria izango da zuri-gorrientzat.

Hala ere, Rangers ez da bakarrik kontraerasoetatik bizi. Nahiz eta atzetik baloia ateratzean jokoa sortzeko arazoak dituen, gaitasun handia du eraso posizionalean goian finkatzeko. Baloia lapurtzen duen momentutik aurrera izaten da hori batez ere. Hau da, azkar igarotzen da baloirik gabeko bloke ertain-baxu batetik, baloidun bloke ertain-altu batera. Eskuinaldean jokalari asko pilatzen dituzte baloiaren inguruan.

Athleticek bereziki zaindu beharko du eskoziarren euskarri bikoitza ere. Raskin eta batez ere Barron hausturara iristen dira bigarren lerrotik. Gainera, Rangers golak sartzeko gaitasuna duen talde bat da. Igamanek batez besteko gol kopuru handiena du Europa ligan: gol bat sartzen du 47 minutuan behin. Dena den, ez da beti egoten hamaikakoan.

Bigarren trantsizioak

Erasoan jokalari asko pilatzearen ordaina ondorengoa da: min handia egiten zaio atzera egin behar duenean. Beraz, Athleticek oso azkar atera beharko du baloia, alde batetik bestera, normalean ezkerretik eskuinera, Jeftek bizkarrean uzten dituen metroak aprobetxatzeko.

Eskoziako taldearen defentsa lerroak arazoak ditu bere aterantz korrika egiterakoan. Balogunek, haien ezker erdiko atzelariak, asko sufritu zuen Jefteren bizkarrean, En-Nesyriren desmarkeak zuzentzera irtetean. Souttarrek ez du jokatuko, eta ziurrenik Propper sartuko da haren ordez. Behin azkeneko metroetara iritsita, Athleticek atzera begiratu beharko luke. Izan ere, Rangersen atzelariak hondoratu egiten dira, eta kosta egiten zaie bigarren lerrotik datozen jokalariei eustea. Beraz, Athleticek amestutako ekosistema izango du kontraerasoan aritzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.