Gaur zortzi dira Estatu Batuetako hauteskundeak. Alde batetik eta bestetik gizartean ustezko eragina duten pertsonaia eta izarren bila aritzen dira. Estatu Batuetan izarrekiko debozioa handia da, eta batez ere, oinordekoak aurkitzen iaioak dira. Zenbat urtez entzun ahal izan dugun ez dakit nor dela hurrengo LeBron James edo Michael Jordan. Zenbat aldiz. Eta oraindik ez da horrelakorik gertatu.
Fenomenoa
Emakumezkoetan bai, ordea. Baina aurrekaririk gabe. Caitlin Clarken urtea izan da. Unibertsitatean pasioa eragiten zuen, baina ikusteko zegoen WNBAn izan zezakeen inpaktua. Eta erabatekoa izan da. Aurtengo denboraldiak marka guztiak hautsi ditu. Azken 24 urteetako ikusle gehien izan ditu, eta azken 22 urteetan ez da hainbeste jende kantxetara joan. %48 igo dira zaleak pabiloietan, 9.000 zale baino gehiago egon dira kantxetan, eta 154 partidatan sarrera guztiak saldu dituzte.
Hori guztia 22 urteko neska batengatik? Hein handi batean, bai. Bestela ezin daiteke azaldu haren taldea, Indiana Fever, izatea ikusle gehien izan dituen taldea. Plataforma desberdinetan 2,3 milioi pertsona inguruk ikusi zuten Seattle Stormen aurkako partida. Baina ez da bakarrik Indianan, iazko datuekin alderatuta, adibidez, New Yorken edo Los Angelesen sarreren kopurua %50 handitu da aurten Indianak han jokatu duenean.
Hau guztia, Clark final-laurdenetarako sailkatu ez den arren. Finaleko partidak ere inoizko ikusienak izan dira: milioi batetik gora ikusle izan ditu batez beste, eta azkenak, bosgarrenak, 2,2 milioi. Dena New Yorkek bere lehendabiziko eraztuna lortzeko. 28 urte behar izan ditu, bost final galduta bidean, gainera. Breanna Stewart eta Sabrina Ionescu ere izarrak badirelako. Hala ere, ez bata ez bestea ez dira finaleko jokalaririk onena izan. Bahametako Jonquel Jonesentzat izan da saria. Hirugarren aldiz ez duela estatubatuar batek garaikurra eskuratu. WNBAra ere globalizazioa heltzen ari den erakusle da.
Handitzen
Txapelketa handitzen eta handitzen ari da. San Franciscok ere taldea izango du datorren urtean, eta hurrengoak Toronto eta Portland izango dira. Filadelfia, Denver, Nashville edota South Florida ere aurki izan daitezke. Helburua da 2028an hamasei taldeko liga bat izatea. Hain zuzen ere, aurtengoa azken urtea izan da hamabi talderekin, liga erregularreko 40 partidarekin eta finalak bost partidara. Baina dena ezin daiteke ona izan. Era berean, Diana Taurasiren azken urtea ere izan daiteke. Bidea egin zuen jokalari horietako bat izan da.
Argi dagoena da zabalpenak erabateko eragina duela. Aldagai berriak daude, jokalariek badakite, eta horregatik 2020tik sinatuta zuten akordiotik atera dira, beste itun bat sinatzeko. Hain zuzen ere, NBAk ere apustua indartu nahi du, eta telebistekin duen kontratu sinesgaitzetan WNBAko partidak sartu ditu. Zer esan nahi du horrek? 200 milioi euro urtero, orain arte 60 milioi jasotzen zituztenean. Eskutik joan nahi dute, eta erreferentzialtasuna berdindu.
Hori aski ez, eta gaur egun modan dagoen beste diziplinetako bati ere zukua atera nahi diote. Breanna Stewartek eta Napheesa Collierrek Unrivaled hiruko saskibaloi liga jarriko dute martxan. Finalen aurkari izan ostean, indarrak batu dituzte jokalariei Europaz gain bestelako txapelketa bat emateko. Sei talde egingo dituzte, eta zortzi asteko lehiaketa izango da, 2025eko urtarrilean hasita. WNBAn baino gehiago kobratuko dute parte hartzaileek. 30 jokalarik jokatuko dute, munduko onenetako batzuk: Chelsea Grayk, Kelsey Plumek, Kahleah Copperrek edota Kayla McBridek, besteak beste. Jokalariak ez ezik, ligako parte ere dira. Lagundu dutenen artean daude Alex Morgan, Megan Rapinoe, Carmelo Anthony edo Steve Nash.
Beraz, Europan gero eta izar gutxiago ikusteko aukera egongo da. WNBA denboraldiaurrera batzeko jarritako zorroztasunak Europako ligak asko baldintzatu zituen. Horietako askotan finalak haien jokalaririk onenak barik jokatu behar izan zituzten. Mailak behera egingo du. Atzean geratu dira munduko jokalaririk onentsuenak Malosten, Mendizorrotzan edota Gaskan ikusteko aukera. Markak betetzeko daude.