Itziar Olasagasti.
'TXIKI'-TIK

Mareagarria

2020ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Entrenatzera iristen garenean egiten ditugun lehen iruzkinetako bat hau izaten da: «Gaur ere itsasbehera? A zer marka, beti itsasbehera tokatzen da!». Itsasgora edo itsasbehera, entrenamendua aurrera doa, berdin-berdin. Liga irabazi ondoren, Donostiako estropadari begira jarri gara, eta hartara bideratuta. Ezin gara kexatu; marea biziak goran, eta, aspaldiko partez, asteburuak itsasoan entrenatzeko. Mareagora bai, baina itsasoa nahi baino mugituago! Beti badugu kexa.

Amona eta ama bezala, ni ere erraz mareatzen diren horietakoa naiz. Auto, autobus, tren eta hegaldietan urteekin gainditu dut; itsasontzian oraindik ez. Denok uler dezazuen, arraunean ez naiz mareatzen, baina ontzia geldirik dagoenean, komeriak! Autoan bai, baina gidatzean zorabiatzen ez denaren moduan. Asteburuko itsaso mugituan, traineruan serie tartean geldirik, a zer sentsazio eskasa! Intxaur azal baten antzera olatuen kulunkan, zeinen deseroso! Zarautzen saria jasotzera igo nintzenean ere momentu batean berdin sentitu nintzen. A zer marka! Halakoetan, ordea, errazago sendatzen zara.

Eta benetan mareagarria dena ordutegien kontua da. Kontxako estropadak beste estropadak baina goizago jokatu izan ditugu; aurten, ordea, oraindik eta goizago: neskak 10:00etan, eta mutilak 11:00etan. Ezin imajina dezakezue gure mozolo aurpegia entrenamendutik iritsi, eta kirol albistegian hori jakin genuenean. Eskerrak norbait albistegiari begira adi zegoen! Hau horrela, Unai, aurten ere meza ordua aldatu beharko al duk?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.