Europako mapa politikoa aldatzen ari da. Eta zenbaitek uste badu ere kirola eta politika ez direla nahastu behar, nahi barik nahasten dira, batera doaz. Hori da errealitatea. Politikak eragina dauka kirolean, orain saskibaloian agerian geratzen ari den bezala, Europakoan batez ere.
Kalte ordainak
Hala ere, aldaketa guztiak ez zaizkio politikari lotu behar, badaudelako bestelako interesak. Amaitu dira aurtengo FIBA Leihoak Europan, eta zehaztuta daude abuztuaren 27tik aurrera Eurobasketean arituko diren 24 selekzioak. Lituaniak, Ziprek, Finlandiak eta Poloniak antolatuko dute. Horretan ere interesak egoten dira: hirugarren eta azken leihoan Euroligako jokalariek parte hartu ahal izan dute, hau da, azken bi partidak erabakigarriak izan dira askorentzat.
Hain zuzen ere, aurrena herrialdeko Kopak izan ziren, eta gero FIBA Leihoak, baina etzi itzuliko da Euroliga. Euroligan bertan ere Europako mapa aldatzen ari da. Aurten inoiz baino gehiago nabaritzen ari dira taldeak txapelketaren gogortasuna. Ligako emaitzek lehen seinaleak eman zituzten; ohi baino porrot gehiago pilatzen ari dira Euroligako taldeak. Eta orain Kopak agerian utzi du joera hori herrialde batzuetan. Esaterako, Espainiako Kopan, Frantziakoan, Italiakoan eta Alemaniakoan ez dute Euroligako taldeek irabazi. Unicaja, Le Mans, Trento eta Mitteldeutscher Weibenfels izan dira, hurrenez hurren, herrialde horietako irabazleak.
Higadura gero eta nabariagoa da: nekeari lesioak gehitu behar zaizkio. Euroligako gogortasunak kalte ordainak eskatzen ditu: normalean, epe laburrekoek ematen dute atentzioa, baina epe ertainekoak ere handiak izaten dira, batez ere lesioei dagokienez. Ezusterako tartea handitu egiten da, Euroligako taldeak oraindik ez daudelako beren onenean, eta ligetako batez besteko maila hobea delako normalean. ACBn, Bartzelona final-laurdenetan kanporatzea izan zen nabariena, batzuentzat behintzat, niretzat ez hainbeste. Baina egon dira horrelako kasu gehiago Europan: Parisek, Anadolu Efesek eta Boloniak ere etxerako bidea hartu zuten lehen kanporaketan.
Jokoan sartuz
Eta Errusian? Badirudi betidanik Europako potentzia handienetako bat izan den horretaz ahaztu gaitezen nahi dutela. Kuriosoa, edo agian ez hainbeste, gaur egungo egoeran: Izarren Gaua Moskun egin zuten. Bai, errusiarrek hartu dute Ameriketako Estatu Batuetako formaturik internazionalena. Lehengo formatua behintzat bai, aurten aldatu baitu Adam Silverrek. Eta, egia esan, espero baino emaitza hobea izan du lehiakortasun aldetik.
Errusiari buruz segituta, Goran Susic Euroligako entrenatzaileen batzordeko zuzendariak ateak zabaldu dizkio 2025-2026 denboraldian ostera ere Errusiako taldeek Euroliga jokatzeari. Txapelketa hogei talderentzat zabaltzeko ideia aspaldian dago hedatuta, eta, Susicen adierazpenekin, badirudi Moskuko CSKA eta Zenit itzultzea egon daitekeela hedapen horren atzean. Hain zuzen ere, Donald Trump itzulita, Europako mapa politikoa goitik behera aldatu da egun batetik bestera Errusia eta Ukrainaren gerrari dagokionez. Erreakzioak, batzuetan, berehalakoak dira, eta horietako bat izan daiteke hau.
Desberdintasunak
Emakumezkoetan, bestelakoa izan daiteke kontua, FIBAk daukalako ardura eta ez delako liga pribatua. Horretan ere etengabeak dira aldaketak: play-in formatua sartu nahi izan dute, baina bestelako buelta bat emanez. Kanporaketak jokatzeko partidak izan beharrean, azken faseko final-laurden eta finalerdietarako play-in partidak jokatzen ari dira. Beste desberdintasun handi bat, hauxe: joaneko eta itzuliko kanporaketak direla. Orain arte ez dituzte bete aurreikuspenak. 32, 6, 4 eta 20 punturen aldea egon da partidetan, denak, Valentziaren lehen kasuan izan ezik, lehen lehia etxetik kanpo jokatu zutenen alde.
Hau da, badirudi Valentzia Basketek eta Fenerbahcek bideratuta dauzkatela finalaurrekoetarako bi txartelak. Hori bai, Cucurovak eta Schiok beste aukera bat izango dute, dirudienez, Bourgesen eta Pragaren kontra. Zaragozak hartuko du Seiko Finala, apirilaren 9tik 13ra, hau da, azken play-in kanporaketa, finalaurrekoak eta finala.