Oportunismo zoragarria. Orain arte Iñigo Urkulluk ez du saskibaloia bere zaletasunen artean aipatu izan: mendia, harrikoa egitea —ez gara txantxetan ari— eta txistua jotzea dira elkarrizketetan sarrien errepikatu ohi dituen denbora-pasak. Oportunismo politikoak baino ez zuen eraman zapatu arratsaldean Miribillara, eta albiste zoragarria da hori. Esan nahi du keinu errentagarritzat jo zutela lehendakariak eta bere aholkulariek emakumezko partida batera joatea. Azken urteetako mugarrien segidan, lorpen adierazgarria da Gernikak ia sei mila lagun bildu izana Miribillan; andrazko kirolaren olatutxoa futboletik harago hedatzeko beste bide bat zabaldu da. Arriskurik badute gisa honetako festek, ordea. Kilometroak edo Durangoko Azoka balira bezala, esparru askoz garrantzitsuagoetako ezinak zuritzeko fede oneko erakustaldi bilakatzea. Eliteko emakumezko saskibaloiak bete-beteko profesionaltasuna exijitzen du, lanbide normalizatu baten ordainetatik ia bat bera eskaini gabe. Eta ez gaitezen engaina: gizonezkoen lehiaketak ikusten ditugunok gara bidegabekeria zuzentzearen erantzule nagusiak. NBAtik, Euroligatik eta ACBtik haragoko konstelazioak esploratzeko irrikaz dabilen euskal zaleari aukera ezin hobea aurkeztu zaio, zorionez. Baskonia ez da Malagako Kopan izango, Bilbo Basket akaso ere ez. Aitzitik, martxoko Salamancako Espainiako Koparako lekua baieztaturik dute Araskik eta Gernikak. Horiek horrela, urteroko saskibaloi oporraldia aldatzea tokatzen da aurten. Hain da bistakoa kontua, Urkullu bera baino oportunistagoa den Saski Da! ere konturatu dela. Malagara joan beharrean, Salamancara doa aurten adiskideekin; eta,Bartzelonaren eta Madrilen arteko beste final jasanezin baten arriskutik aldenduko da. Emakumeen saskibaloiaren onurak.
Koherentzia, bide bakarra. Pedro Martinezek gobernatutako talde batek Baskonia Kopatik at lagatzearekin, kosmosak oreka apur bat berreskuratu berri du. Gasteizen eman zituen bi aroetan, eta klubaren keria amorragarriak—hein handi batean—zirela medio, entrenatzaile ezin jantziagoaren ezagutza behar den moduan zukutzeko aukera harrika bota zen. Zuzendaritzaren mania horiek, gainera, okertze aldera egin duteazkenaldian. Norabidez dozena erdi bider aldatu du Baskoniak urte gutxian, erabaki estrategiko kontraesanezkoekin. Aurtengoa nola edo hala salbatu —ACBko kanporaketetan sartze hutsak ez dirudi erronka samurra— , eta egitasmo koherente bat behar du Baskoniak, lehenbiziko estropezuarekin alboratuko ez dena. Bost urteko planaren oinarria etxean du: Arturs Kurucs eta Hospitaleten txukun asko ari diren juniorrak. Etsigarria litzateke klubaren baldartasunagatik Gasteizen haien talentuaz ezin gozatu ahal izatea. Buesa Arenak naturaltasunez onartuko lieke irristaldiren bat edo beste, benetako minutuekin kantxan zaildu daitezen.
Nahi dutena, nahi dutenean. Inora ez doan frankizia batean preso, Cleveland Cavalierseko Kevin Love ezohiko eszenak lagatzen ari da asteotan. Saskirantz doan aurkariarengandik apartatu, eta doako puntuak oparitu ditu behin eta berriz. Amorru bizian aulki bat jotzeagatik ere isuna jaso du. Asteburuan, Collin Sexton antolatzaileari espantuka hasi zitzaion jabetza baten erdian, berari pasatu gabe baloia luzaroegi atxikitzen ari zela eta. Ahalik eta lasterren beste talde batera mugitu dezaten nahi du Lovek, eta boikot publikoa ipini du abian. Clevelandek ez du taxuzko eskaintzarik jaso, eta bigarren mailako piezengatik trukatu behar du. 32 urtera bidean, lesio mordoa jasandakoa da hegal-pibota, eta kontratu beldurgarria du: 2023 arte, 30 milioi dolar inguru urtero (26.798.272 euro). Hitzarmena LeBron Jamesek ospa egin ondoren sinatu zuen, ordea, Lovek, Cavaliers betiko kaskarkeriara itzuliko zela ziurtzat jotzen zenean. Egun sentitzen duen itolarriaren erantzule bakarra da, beraz. Kirol liga garrantzitsuenetan ezarri den diktaduraren hamaikagarren erakuslea da. Estatus apur bat duten profesionalek nahi dutena egiten dute, nahi dutenean. Gurari oro ase ezean, kasketarik lotsagarrienekin betearazten dute beren nahia.
SASKI DA!
Malaga baino hobe, Salamanca
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu