Trapailazko olatutik

Loteria

2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Aurrera doa San Miguel liga. Asteburu honetaninork gustuko ez duen eremua pasatu dugu: Portugaletekoa, hain zuzen ere. Denok dakigun bezala, eremu hau loteria hutsa izaten da, eta horrek asko urduritzen gaitu, inork ez baitu liga jokoan jarri nahi arraun egin baino lehen, eta Portugaleten hori gertatzen da zoritxarrez.

Entzuteko modukoak dira Portugaleteko estropada hasi aurretik arraunlarion artean izan ohi ditugun solasaldiak. Inork ez du arraun egiteko moduaz edo neurriez hitz egiten, denok urduri egoten gara, zein kale egokitu zaigun jakiteko zain. Behin kalea dakigula, orduan hasten dira taktikak eta komeriak. Noiz konturatuko gara hau guztia onartezina dela? Bidezkoa al da gure lan guztia kale zozketa batean jokatzea?

Hori gutxi balitz bezala, eremu horrek ez du betetzen balizen arteko gutxieneko distantzia, eta horrek ziabogetan istripuak egotea ahalbidetzen du. Hortxe dugu Urdaibairi igandean gertatutakoa, eta guri iaz gertatutakoa. Argi dago Urdaibaik egin zuen maniobrarekin Astillerori zuzenki kalte egin ziola, baina gutxieneko distantziak betetzen ez dituen eremu batean jokatzen dugun momentutik arrisku hori egon badago. Hori ere onartu behar al dugu? Galdetuko diegu Urdaibaiko arraunlariei zer iritzi duten? Zilegi irudituko zaie epaileek hartutako erabakia? Bidezkoa da liga desitxuratzea Portugaletekoa bezalako eremuekin?

Astero, kexak eta kexak, besterik ez dut, baina ez nago konforme gauza askorekin, eta hau da kexatzeko dudan aukera bakarra. Zentzuzkoak ez diren gauza asko ikusten ditut, eta ziur arraunlari asko nirekin bat datozela. Tamalez, alde txarra tokatu zaien taldeak kexatuko dira bakarrik. Izan ere, kale txarrak dauden moduan, kale onak ere badaude, eta tokatzen zaigunean dena arrosa kolorez ikusten dugu dena. Horiek dira txanponaren bi aldeak, eta hau ezingo da inoiz aldatu. Hala ere, ni oraingo Portugaleteko eremuaren kontra nago, eta formatua aldatu beharko litzatekeela uste dut. Nola? Erlojuaren kontrako estropada bat jokatuta, adibidez. Aukera aproposena litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.