Abenduan sartzear gaudela ez da ona leihoak zabalik izatea. Hotza sar daiteke, tenperaturek garaiotan behera egiten baitute. Hotz daude, era berean, FIBA leihoetan jokalariak dituzten taldeak. Atzamarrak gurutzatuta, batzuei hotza bertatik sartzen baitzaie.
Hotza
Denboraldiko lehendabizikoak dira gizonezkoetan; emakumezkoetan justu aurretik jokatu ziren. Eta urtero bezala, zeresana eman dute. Askok beldur izaten diote leihoak zabaltzeari, beste batzuek itxaron egiten dituzte. Era batera edo bestera, baina beti mugimenduak ekartzen ditu. Emakumezkoetan, Gernikan adibidez, ez dira leihoetatik bi jokalari itzuli: Taylor Mikesell eta Annika Soltau. Sasoiko lehen inflexio puntuetako bat izaten dira, lehen erabakiak hartzeko tartea.
Beste batzuk, berriz, itzultzeko zalantzarik gabe, zelan itzuliko diren beldur dira. Bilbo Basketek, adibidez, hamar jokalari ditu beren selekzioekin, guztiak Marvin Jones eta min hartuta dagoen Xavi Rabaseda izan ezik. Hain zuzen ere, min hartu barik itzultzea pozteko zerbait izango litzateke Jaume Ponsarnaurentzat. Argi dago nekea pilatuko dutela bidaiengatik, eta normalean asko jokatzen duten jokalariak izaten direlako. Ondo bidean, gaur hasiko dira entrenatzen berriro, egutegiak ez duelako barkatzen.
Bi, baten truke
Baina badaude beste batzuk leihoak irekitzeko desiratzen daudela. Baskonia da horren adibide. FIBA leiho soil batek mundu berri bat zabal dezakeelako. Gaur egun, Europako pasaportea lortzeko, lehen ez bezala, herrialdearen elastikoa jantzi beharra dago partida ofizial batean. Horren zain egon da Kamar Baldwin Georgiako paperak lortzeko. Baina ez da bakarra izan, Unicajako Dylan Osetkowskik gauza bera egin du Alex Mumbruk zuzentzen duen Alemaniarekin. Beraz, badaude freskotasun hori sartzen utzi nahi dutenak. Azken batean, Europako pasaporteak ACB ligan beste jokalari batekin jokatzeko aukera ematen dizu. Orain, Pablo Lasok ez du inor baztertu beharko. Beste kontu bat da horrelako tramite burokratiko batengatik talde baten eraketa hainbeste aldatu ahal izatea. Bitartean, gaur, Baskoniak Lituanian jokatuko du, Euroligan, Zalgirisen aurka (19:00).
Baina badaude bi egoerak sufritzen dituztenak ere. Esan diezaiotela, bestela, Valentziari. Nate Reuversek Hungariako selekzioarekin debutatzeko bidaiatu zuen, baita lortu ere, jokatzeko aukera izan zuelako, baina lesionatu egin zen. Eskuko hatzamar bat apurtu zuen, eta ebakuntza egin beharko diote. Bi, baten truke, esaten den moduan. Batzuetan horrelakoa izaten da karma.
Lehentasunak
Azken batean, interesen araberako bidaiak dira. Baztez ere Euroligako jokalariak jartzen dira ezbaian, batzuek taldeen baimena lortzen dute presiopean (soldata klubek ordaintzen dute, ez selekzioek). Toko Xengeilak, adibidez, ez du inoiz inolako zalantzarik izaten Georgiako elastikoarekin jokatzeko. Berdin dio aurreko egunean Euroligan Bolognarekin jokatu baduen milaka kilometrora; kontratua sinatzerakoan jartzen duen baldintzetako bat da. Azken batean, lehentasun kontua da. Normalean, beren herrialdeak sailkatzeko mugan daudenean ematen dute jokalariek aurrerapausoa.
Hala ere, beti egon behar du korrontearen aurka egiten duenik. Jokalari nazionalizatuak nonahi daudenean, badaude etxekoak zaintzea nahiago dutenak. Azkenaldian, D'Angelo Russell Los Angeles Lakerseko jokalari estatubatuarrak Lituaniako elastikoarekin jokatzeko aukera duelako zurrumurrua zabaldu da. Hangoa du emaztea, eta bide horretatik zabaldu zen aukera. Berehala itxi dute leihoa Rimas Kurtinaitis entrenatzaileak eta Linas Kleiza zuzendariak: «Gure talentua erabiliz bilatzen dugu arrakasta. Hau da bide zuzena». Etxekoei ere leihoak zabaldu behar zaizkie.