Futbola. Munduko Kopa, Kanadan. ANALISIA

Lehia gogorra

2015eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Kanadako Munduko Kopa hastear da. Deigarria da FIFAk maila goreneko txapelketa bat belar artifizialean jokatzera behartzea. Jokalari gehienak, arrazoiz, horren kontra azaldu dira. Diskriminatzailea dela salatu dute, gizonezkoen txapelketak beti benetako belarrean jokatzen baitira. Beste jokalari asko, hala ere, isildu egin dira, norbere federazioaren mehatxuak direla eta. Azkenean, betikoa, FIFA irabazle, eta emakumezkoen futbolaren ikuskizuna galtzaile.

Esan beharrekoa esanda, arreta futbolean. Faboritoen artean aipatuko nituzke AEB eta Alemania klasikoak, azken urteetan gorakada izan duten Japonia eta Frantzia eta etxeko taldea. Lehenengo biak betidanik nabarmendu dira. AEBetan emakumezkoen futbola itzela da, eta federazioak diru asko inbertitzen du selekzio arrakastatsu bat izateko. Abendutik, hilero hogei egun eman dituzte kontzentrazioak eginez. Teknikoki ez dira trebeenetakoak, baina fisikoki eta mentalki sendoak dira, eta oso ondo prestatzen dituzte txapelketa garrantzitsuak. Aski ezagunak dira Hope Solo, Abby Wambach eta Alex Morgan, baina adi Christen Press aurrelariari.

Alemania ere beste klasiko bat da. Europako talde eta ligarik onena daukate, eta hango jokalariak oso indartsuak eta esperientziadunak dira. Nadine Kessler azken Urrezko Baloia lesionatuta dago, baina maila handiko jokalari asko dituzte, Dzsenifer Marozsan gaztea esaterako. Japoniaz ez da asko hitz egiten, baina ez da ahaztu behar egungo txapelduna dela, baita olinpiar txapeldunordea ere. Belaunaldi aldaketa batean bete-betean sartuta omen daude. Frantziak, berriz, inoizko talde onena osatu du, Louisa Necib eta Eugenie Le Sommer bezalako jokalariekin —izugarrizko kalitatea dute—. Sinetsita daude euren aukera izan daitekeela. Kanadan ere itxaropen handia dute haien selekzioarengan. Seguruenik txapelketa kontu handiagoz prestatu duen selekzioa da; irailetik dabiltza jo eta ke lanean.Christine Sinclair aurrelaria da haien erreferentzia. Ezin ahaztu Martaren Brasil ere, nahiz eta azken urteetan behera egin duen.

Azkenik, Espainiak ezustea eman dezake. Lehen aldiz ariko da Munduko Kopa batean, eta, horregatik, ikusteko dago noraino hel daitekeen. Bertako Federazioaren fundamentu eskasa dela eta, jokalariek ez dute batere prestatu txapelketa, baina kalitate handia dago selekzioan; Vero Boquete aurrelaria da erreferentzia. Bost euskal jokalari ariko dira. Ainhoa Tirapu eta Irene Paredes hasieratik ariko dira. Erika Vazquezek, Eli Ibarrak eta Leire Landak, ordea, euren aukeraren zain egon beharko dute. Goza dezagun ikuskizunaz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.