Itziar Olasagasti.
'TXIKI'-TIK

Larpeira

2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Igandeko garaipena Larpeira bat janez ospatu genuen. Ezagutzen ez duenarentzat, Galiziako opil gozo bat da, eta, haren esanahira joz gero, gozozale esan nahi du. Tostakide galiziarraren amak ekarri zigun opari, eta, hitzak berak dioen bezala, asteburua benetan gozo joan da.

Beldurra, presioa, antsietatea, urduritasuna eta ziurgabetasuna bizkarrean genituela ontziratu ginen asteburuan. Larunbateko irteerak lekuz kanpo harrapatu bagintuen ere, minutuak aurrera joan ahala lehiakor sentitu ginen. Helmuga zeharkatzearekin batera, akabo bizkar gaineko karga! Benetan hor gaude! Hilabete hauetan barruan jasotako guztia uxatu genuen.

Hau hasi besterik ez da egin. Aurkariak ere, harrobiko gazteen antzera, oso lehiakor daude. Hamaika ikusteko prest ekin genion igandeko lehiari, eta primeran gainditu genuen jardunaldia. Konfiantza eman zigun bezperako estropadak, eta etxera bandera, lidergoa eta patroirik onenaren saria jasota itzuli gara.

Inguruan denak berri eta berezi zirudien, zer esanik ez aurten mailaz igotako harrobiko arraunlari gazteentzat, baita urtebete arraun egin gabe tostara itzuli zenarentzat ere. Lehen estropada eta garaipena. Momentu horiek taldean disfrutatzekoak izan ziren. Ezin ahaztu igandean uretakoak lehorrekoekin elkartu gineneko unea.

Protokoloa dela medio, ezin izan genuen zaleekin ospatu, baina Galiziako bidaiek zerbait badute berezi, itzulera dute. Horrelako asteburua bizi eta gero, itzulera ederra bezain gozoa izan zen, oso larpeira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.