Juan Luis Zabala
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Landismoa puri-purian

2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Herenegungo etaparen amaierari begira, buruan zihoan tropeltxoko nork irabaztea nahi genuen komentatzen hasi ginen ikusle-laguna eta biok; «urliak merezi du», «sandiak ere bai», «berendiak ez gutxiago» esanez, azkenean ez genekien oso ondo nork irabaztea nahi genuen, hain egiten zaizkigu azkenerako sinpatiko txirrindulari guztiak, ezagutu ahala. Higuita irabazten ikustean, poztu egin ginen, nola ez ba!, beste norbait ikusita ere poztuko ginen bezala, edo agian pixka bat gehiago.

Landa eta Izagirre ere han ziren, Higuita, Bagioli, Skjelmose eta enparauen tropel berean, baina haien aukerak urriak ziren tropeltxo hartan. Aranburuk, berriz, ez zuen onenen arteko taldean sartzerik izan. Pozik, beraz, Sergio Andresen pozari so.

Garaipenik gabe, Euskal Herriko txirrindularien artean Mikel Landa nabarmendu da, oso maila onean gainera, eta landismoa deritzona aktibatu du berriz ere, Tourrari begira esperantzak piztuta.

Iñaki Segurola zenari irakurri nion hala uste dut behintzat ez zegoela bera lotzen eta baldintzatzen zuen -ismo-rik, eta susmoa dut sinesgogortasun edo eszeptizismo hori onerako edota txarrerako joera aski zabaldua dela haren belaunaldikide garen askoren artean. Landismoa, ordea, fede handirik edo konpromiso esturik eskatzen ez duen -ismoa da, sui generis samarra, sinpatikoa, eta, orain gertatzen ari den bezala, aktibatzen denean, indarra hartzen du txirrindularitzaren munduan.

Pena izan da Landa Pello Bilbaoren laguntzarik gabe geratu izana Itzulian. Zaila izango zuten, baina ziur bien artean aukera handiagoak izango zituztela Vingegaard estutzeko, eta lidergoa eskuratu nekez baina agian etapa bat behintzat irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.