Oinatz Bengoetxea.
IRITZIA

Labrit sakratua da

2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Behin zutabea idazten hasita, zintzoa izango naiz: gaurko finala Iruñean jokatuko zela jakin nuenetik ilusio berezia egin zidan txapelketak. Nafarra naiz, eta niretzat berezia da. Nafarroak finalak hartzeko moduko pilotaleku bat behar zuen, eta hor dugu, baina ez nuke nahi Labriti eragiterik. Labrit sakratua da!

Hau esanda, ni ez nago finalean, eta arrazoia erraza da: bi onenak sailkatu dira. Inoizko Ezkurdiarik onena ikusi dugu, indar ikaragarriz eta konfiantzaz leporaino. Ez da artista, baina artistek bezala mugitu du pilota. Altuna, berriz, hirugarren urtez jarraian dago finalean, eta urte askotarako hautagaia dugu. Uda kargatua izan zuen, eta besoko lesioa, baina nabarmen egin du gora txapelketan.

Final estua espero dut, eta jokoa bere lurraldera eramaten duenak irabaziko du. Ezkurdiak abiadura eman behar dio jokoari, eta azkartasun horrekin Altuna behartu. Horretan asmatu behar du. Altunak pilotari sen eta ahal tekniko izugarria ditu, eta, deseroso ibiltzera behartu ezean, edozein garaitzeko gai da lau eta erdian. Sakearekin asmatzea, piloten bizitasuna, ezker parte hori...Xehetasun txikiek garrantzi handia izango dute, partida paretsu baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.