Ez naiz Errege Egunean opariak jasotzen dituzten horietakoa. Ez naiz errege-erregina zalea; askotan izena bera ere kentzen saiatzen naiz. Baina badaude egunotan opariak jasotzen dituztenak; Olentzerok eta Mari Domingik galdutako baten bat ere izan daiteke. Arrazoi batengatik edo bestearengatik, zenbait euskal taldek opariak jaso dituzte, zelan ez, fitxaketa modura. Baskoniara Luka Samanic heldu zen, Lointek Gernikara Mikayla Pivec, eta Bilbo Basket oraindik Omar Silveiroren zain dago. Noizbait helduko da, kostata bada ere; garrantzitsuena heltzea da.
Bakarra
Errege-erreginak ahalik eta gutxien aipatzen saiatzen naiz, ahal bezain beste. Adibidez, niretzako Kopa da, ez Errege edo Erregina Kopa. Momentuz euskal talde bakarra daukagu ziurtatuta: Gernika. Bizkaiko taldeak ez zuen garaipena behar izan Valentziaren aurka beste urtebetez lehen itzuliko zortzi talde onenen artean sartzeko. Hain zuzen ere, aspaldiko lehiarik estuena izan da Koparako sailkatzeko. Lau talde daude berdinduta, bakoitzak zortzi garaipen dituela, eta puntu aldeak zehaztu ditu postuak. Hori nahikoa ez, eta beste bi talde daude zazpi garaipen dituztenak, baina Kopatik kanpo geratu dira. Iazko zortzikotearekin alderatuta, bi aldaketa bakarrik daude: Jairis eta Kanaria Handia ariko dira IDK-ren eta Ferrolen ordez. Zerrendaburuak iazko berberak dira: Girona, Perfumerias Avenida, Valentzia eta Zaragoza. Urtarrilaren 14an egingo dute zozketa, Zaragozan.
Gernikak ez du bide errazik izan. Denboraldiaurre bikaina osatu bazuen ere, lehen bi jardunaldietan galdu egin zuen, non eta etxean, Malosten. Ane Olaetak eta Marta Alberdik min hartuta hasi zuten denboraldia, eta Taylor Mikesellek eta Annika Soltauk taldea utzi izanak ez zuen lagundu. Hala ere, orain heldu berri den fitxaketara arte, sendotasuna erakutsi du Lucas Fernandezen taldeak. Adibidez, orain arteko bi derbiak irabazi ditu biak ala biak etxetik kanpo. Aurreko denboraldian, derbi guztiak galdu zituen. Horri esker sailkatu da Koparako.
Opariak
Araskik eta IDK-k derbia jokatu zuten lehen itzulia amaitzeko. Partida garrantzitsua zen, baina bestelako arrazoiengatik. Irabazleak bestelako konfiantza batekin aurre egingo zion 2025ari. Bazirudien IDK izango zela hori, Araskik Laura Aliagaren lesio larria baitzuen. Baina momenturik txarrenean onena ateratzeko gai izan ziren gasteiztarrak, eta nagusitasunez irabazi zieten donostiarrei. Bide batez, bosgarren garaipena lortuta, haizea alde dute beheko postuetatik urruntzeko; haiek dira bost garaipen dituzten bakarrak. Araski ere oparia jaso beharrean da fitxaketa modura, errotazioa indartu beharra baitu.
Donostian ere mugimenduak beharko dira taldearen joera baino gehiago, irudia kezkagarria izateko bidean delako. Ensinoren aurkako porrota mingarria izan bazen, Araskiren aurkakoa zer esanik ez. Gaur dute Sassariren aurkako Eurokopako final-zortzirenetako joaneko kanporaketako partida, Sardinian (20:00, ETB4). Baina Azu Muguruzarentzat ez da aitzakia nahikoa izango. Delicia Washington ez da ariko, taldea utzi baitu.
Aukerak
Gizonezkoetan ere aukera gutxi daude Kopan euskal ordezkariren bat gehiago izateko. Bilbo Basketek ia agur esan zion aukera horri Tenerifen galduta (Espainia). Haren helburuak, ordea, bestelakoak dira, eta beheko postuetatik aldendu da jarraian hiru partida irabazita. Bilbotarrek gaur jokatuko dute Europa kopako bigarren ligaxkako hirugarren jardunaldia, etxean, Le Portelen aurka (20:00, ETB4). Lehen itzulia galdu gabe amaitu nahi dute.
Baskoniak ere Errege Egunean ez zuen oparirik jaso, eta ez dirudi jasoko duenik. Ez du merezi. Real Madrilen aurka galdu eta gero, aukera gutxi du Koparako sailkatzeko, batez ere puntu alde negatiboa duelako: -42. Hori nahikoa ez, eta haren aurkari zuzenek aldeko 30 puntukoa dute. Hau da, partidak irabazi bakarrik ez: askogatik irabazi behar ditu. Oso litekeena da Baskonia Kopatik kanpo geratzea, azken sei urteetan laugarrenez.
Gauzak horrela, Pablo Lasoren taldeak ez luke beteko denboraldiko lehen helburua. Zaleentzat lehiaketa berezia da, urterokoa, baina dagoeneko ez da albiste iturri bilakatu. Joera nabarmena da, eta zeharo kezkagarria.