mikel reina

Kontziliazioa

2024ko abenduaren 17a
05:05
Entzun

Kontziliazioa ez da erraza. Horretarako lan egiten bada ere, oraindik asko dago egiteko. Gure egunerokoan lanorduak murriztea edo, behintzat, beste modu batera antolatzea bilatzen da. Saskibaloian, berriz, lantaldeak handitzearen aldeko joera argia dago.

Bi aurpegi

Hain zuzen ere, beste txapelketa bat jokatzen dutenek dituzte kontziliazio arazoak. Europan joera argia da, eta euskal taldeetan are eta nabarmenagoa. Baskonia Euroligak eskatzen duen mailatik urrun dago azkenaldian, eta Pablo Lasorentzat lehiakorrak izateko modu bakarra zortzi edo bederatzi jokalari erabiltzea da. Horrek, ordea, kalte ordainak ditu. Ez bakarrik epe luzera, baita epe laburrera ere. ACBn nabaritzen ari dira gasteiztarrak, Koparako sailkapena zeharo maldan gora baitute. Baina, momentuz, ez ezinezko.

Azkenean, kasu honetan, ACB ligak ematen du eguneroko jana. Hori ez da ahaztu behar. Europan aritzeak bestelako zabalkunde bat ematen du, baina, azkenean, aurreko urtean egindako emaitzen isla da. Hori bai, azken urteetan ustezko meritokrazia hori asko aldatu da, eta ez bakarrik Euroligan. Egun, gainerako txapelketetan ere gonbidapenak garrantzi handiagoa dauka sailkapenak baino.

Hori da Bilbo Basketek ahaztu behar ez duena. ACB liga da helburu nagusia, beste urte batez onenen artean jarraitzea. Denboraldi hasieran joko ona eta emaitza ez hain onak izan zituzten bilbotarrek. Orain, berriz, jokoa ez da ona, eta emaitzak txarrak dira. Bost porrot daramatzate jarraian, eta taldea sasoiko boladarik zailenean dago. Alde horretatik, Europan bigarren faseko lider egoteak eta Frantziako ligako liderrari, hau da, Choleti Europan irabazteak ez du askotarako balio. Ez du egoera aringarriagoa egiten. Manresa, Coruña eta Andorraren aurkako lehia zuzenak erabakigarriak izan daitezke. Bestela, Gabonak ez dira hain zoriontsuak izango Bilbo Arenan.

Gaskan izango ez diren bezala. Antzeko egoeran dago IDK. Donostiarren kasuan, agian, larriagoa da, duela bi urteko egoera bera dutelako: Europan lehiakor eta ligan ezinean. Badirudi ez zutela irakasgairik atera. 29 punturen aldearekin galdu zuten donostiarrek igandean Ensino aurkari zuzenaren aurka. Azu Muguruza bereziki kritiko agertu zen. «Lehen zatian taldeak ez du jarrera onik erakutsi». Hain zuzen ere, sailkapeneko azken postuan daude gipuzkoarrak. Egiari zor, Ardoiren eta Araskiren garaipen kopuru bera dute, baita Celtarena eta Ensinorena ere: hiru garaipen. Eurokopan ez dute partidarik galdu, baina horrek ez du aparteko punturik ematen. Bihar (20:00etan) Charnayren aurkako kanporaketako itzuliko partida dute, Frantzian berdindu ostean (joan den asteko zutabea kontrajarriz, ustezko adituaren figura zalantzan jarriz).

Diagnosia

Hori bai, kontziliazioa beti ez da arazo bat izango. NBAn, behintzat, ez da hala izan orain arte. Are gehiago, esango nuke Adam Silverrek bete-betean asmatu duela. Europan hainbesteko fama duten Kopak kopiatu dituzte. Aurten izena ere kopiatu dute, eta atzean utzi dute iazko In-Season Tournament zelakoa. Bost taldeko sei multzotan banatzen dira taldeak, eta zortzik egiten dute aurrera. Hortik aurrera, partida bakarreko kanporaketak jokatzen dira, final-laurdenak bakoitzak bere kantxan, eta lauko finala Las Vegasen. Oklahoma City Thunder eta Milwaukee Bucks heldu dira finalera, eta bihar goizaldean (02:30ean) jokatuko dute.

Baina Ameriketako Estatu Batuetan ere bazuten partida bakarreko kanporaketa formatu hori: NCAA March Madness. Jarraitzaile gehien dituen txapelketa, eromen hutsa, eta NBAk bere erara kopiatu nahi izan du. Hil edo biziko partidek bestelako ikusgarritasun bat eman diote NBAri. Normalean apirilera arte ikusten ez den lehiakortasuna ikusi daiteke abenduan, eta ikusleak asko eskertzen du.

Gainera, taldeen lehen diagnosia egiteko ere ondo dator, batez ere lehiakortasunari dagokionez. Mendebaldean, adibidez, Thunder liderra da, baina Bucks seigarren postuan dago ekialdean. Clevelandek eta Bostonek, esate baterako, ez dituzte kanporaketak ere jokatu, eta ligako bi talderik onenak dira.

Azkenean denok ditugu kontziliazio arazoak, izan handiagoak edo izan txikiagoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.