Beti esan ohi da Kontxak baduela zerbait berezia. Jende giroa edo bertan sortzen den festa izango da agian, baina baita aurretik pasatutakoak ahaztu eta aukerak berriz ere denontzat zabalik dauden estropada delako.
Norberaren ligak alde batera utzi, eta denek gogor ekin genion sailkatze estropadan, gure ametsa arraunkada bat gertuago izateko asmoz. Batzuek lehendabizikoaren ilusioarekin; beste batzuek, airean zeuden txarteletako bat lortzeko aukeragatik borrokatzeko; eta beste batzuek, aldiz, faborito titulua baieztatzeko. Egun hartan gehien asmatzen duenak eskuratuko du saria, baina, esan bezala, Kontxa Kontxa da, eta beti ezkutatzen da sorpresaren bat.
Lehen igandean urduritasun handia sumatzen da, urte osoan egindako lana atera behar baita datorren igandean banderarako aukerak izateko. Hori pasatuta, batzuek disfrutatzea izango dute helburu behin presioak kenduta. Beste batzuei, aldiz, areagotu egingo zaie. Ez da aste erraza aurretik datorrena, luzea eta motza aldi berean.
Kontxako arrapala berezia da, malko eta irribarreak dira nagusi bertan, zaleen txaloek, denboraldiari agur esateak, musikak, pozak edo taldekideek sortzen dituztenak. Hori dena barnetik bizitzeko zortzi txartel kategoria bakoitzean, pribilegiatuak gara bertan gaudenak. Horregatik, bandera eskuan izan gabe ere badugu zer ospatu. Horren eszenatoki da Kontxa.