Galizia omen da kontrasteen lurraldea. Deigarria bada ingurune natural ederrean afixa estroboskopikoak jartzeko joera hori, baina esamoldeak ez du horrekin zerikusirik. Diotenez, Galizian denak du itxura bat eta bestelako izatea. Baieztapen okerra, traineruen liga nagusiei dagokienez bederen: Urdaibaik eta Arraun Lagunak-ek bete dituzte aurreikuspenak. Lidergoan etxeratu dira, bina bandera eskuratuta.
Gainontzean, lehen asteburuak izan du kontraste ugari. Bueun irabazita, bermeotarrek 100. garaipena eskuratu dute TKE ligan, noiz eta etxeko trainerua elitean estreinatu den garaian. Poza nagusi Urdaibaikoen eskifaian. Haien artean ere aniztasuna, ordea. Dozenaka garaipen eskuratu dituzten arraunlari beteranoen artean, Michel Ciznero debutaria. Harrobikoak lortu du bere lehen estropada ofizialean gailentzea. Marka hori ez dago askoren esku: debuta behin egiten da. Ziur igandeko zenbait tostakidek ezin dutela gauza bera esan.
Bueu ere bandera artean estreinatu da. Zaleenak haien kasuan. Apal aritu dira; ziurrenera, usterik txarrenetan baino okerrago. Halere, ustearen eta izatearen arteko aldea Galizian, beste behin: birritan azken postuan geratu arren, irri eta barre hartu dituzte jarraitzaileek. Garrantzitsua eta axalekoa bereizi dituzte.
Kontrasterik deigarriena, Coruñako hotelaren izkina hartakoa. Liburu sorta batean, galiziar literaturaren bilakaera, Martin Codax trobadoretik hasi —ez al zen albariño bat?— eta Rexurdimento-raino; Espainiako Gerra; Saber Vivir, eta polonierazko auskalo zer. Eta beste bat ere bai: Vuelta al País de Elkano. Atsegina izan zen oraingoan, baiki.