Ane Sanchez Goyogana
LUGAÑENE BASERRITIK

Kolpeak arinduko dituztenak

2024ko uztailaren 9a
05:15
Entzun

Beti esan ohi da arrauna sakrifizio handiko kirola dela. Astean entrenamendu jaiegun bakarra, ingurukoek oporrak dituztenean guretzat txapelketa garaia, lana eta ikasketa uztartzeko zailtasunak, familia eta lagunekin denbora falta, oporrik eza... ordu asko eskaini behar izaten dizkiogu. Sakrifizio horren guztien atzean konstantzia eta taldearekiko konpromisoa ezkutatzen dira; horiek egiten dute egunero gure kirol arropa jantzi, motxilak hartu eta gimnasioko atea gurutzatzea.

Eguneroko entrenamendu saioa gure errutinaren parte den arren, bizitzak kolokan jartzen dizkiguten kolpeak izaten ditugu, eta horietan animoa ateratzea ez da lan erraza izaten. Horrelakoetan ikusten da aldameneko tostakideen balioa; kolpe horien zama arinduko dutenak dira, ondoko laguna kanpo arazoekin herrenka dabilenean entzun eta animatuko dutenak, bertan egotearen motiboa gogoraraziko diguten horiek, denek elkarrekin bat egin eta kalitatezko entrenamendu bat ateratzeko gai izatea, txarrenetan ere bai.

Arraun taldeak bigarren familia izaten dira: denbora luze pasatzen dugu elkarrekin, momentu gazi-gozo ugari suertatzen dira, eta horiei elkarrekin aurre egiteko beharra ere bai. Argi dugu momentu horiek guztiak pasatuko direla, bai txarrak, baita onak ere, baina horiek pasatzen lagunduko diguten pertsona egokiak topatzea altxorra da; betirako gogoratuko gara haiekin. Trainerua uretaratzean norberaren buruhausteak arrapalan utzi eta helburu bera borrokatuko duen jendea da, gure bizitzaren bidea markatuta utziko dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.