Gaur, garaipenari buruz hitz egin beharko dut ezinbestean. Aurretik ere aipatu nizuen faboritoak elkarrekin helmugaratzea zela gure helburua lehen bi etapetan, eta Arraten gora Samuren hautagaitza indartu nahi genuela. Liderra gure taldekoa balitz bezala aritu gara lanean lehen bi etapetan, eta Arratera bidean ere antzeko lana egin dugu. Samuk berak agindu digu lehen igoera gogortzeko, azkar igotzeko, eta hala egin dugu. Zenbat eta azkarrago, orduan eta hobeto. Erritmo biziak min egiten du tropelean.
Bigarren igoerarako gure lanak eginda geneuzkan, eta lasai samar igo gara goraino, Ibardingo etapa amaiera gogoan. Helmugara iristeko bi kilometro falta zitzaizkidanean entzun dut nik Samuk irabazi duela etapa, eta izugarrizko poza hartu dut. Helburu bat lortzeko lanean ari zarenean, ez dago taldeburuak garaipena lortzea baino gauza hoberik. Horixe da norberaren lana eskertzeko modurik onena. Arrateko etapa irabazi gabe ere, berdin-berdin lan egin beharko genuen Ibardinera bidean. Baina, zorionez, etapa garaipena eta lidergoa eskuratu ditugu.
Irabazi, txirrindulari bakarrak irabazten du, baina Juanjo Orozen lana goraipatu nahiko nuke bereziki. Telebistatik edo errepide bazterretik ikusten ez den lana egin du lehen 100 kilometroetan. Bera bakarrik aritu da lanean tropel buruan lehen 100 kilometro horietan. Zaleen begietara, ez du protagonismorik izan. Badirudi telebistan agertzen ez denak ez duela ezer egiten Baina izugarrizko lana egin du Orozek.
Bere lana amaituta, atzeko taldetxo batean geratu da, artean helmugaraino iritsi beharra zeukala jakinda. Ibardinera bidean ere lan berbera egitea egokituko zaio, eta bere omenez, eta bere gisan lanean aritzen diren guztien omenez idatzi nahiko nuke gaurko artikulua. Bitxia bada ere, tropelean denek ulertzen dute guretzat zein garrantzitsua den lasterketa hau. Badakite zaleak ere beroak direla oso, eta ardura guztia gure esku uzten dute. Ihesaldietan sartzen saiatzen gara gu, atzetik tiraka ibili behar ez izateko. Baina denak ados jartzen dira ihesaldian sar ez gaitezen. Seinale ona da hori.
Euskal Herriko Itzulia. Hirugarren etapa: Gasteiz-Arrate. Nire txokotik
Juanjo Orozen omenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu