gorka erostarbe leunda

Jon eta Ion

2024ko apirilaren 4a
05:05
Entzun

«Oso ondo zagok hire mugez eta ihesaldiez idaztea, baina heldu iezaiok kirol kontuari ere, txo». Haurtzarotik ereindako laguntasunak ematen duen konfiantzaz esan ez dizkit bada hitzok Jon izeneko adiskideak, txirrindularitzaren friki dei diezaiekegun horietako batek. Haurtzarotik gogoratzen dut Marino, Kelly, Bettini, Virenque eta besterekin sano flipatzen. Hark sartu zigun gainerakooi ere Tropela-ren harra eta pozoia, eta neuk behintzat Joni (Il Grillo di Eitza ezizenez ere ezaguna) eta Tropela.eus atariari (lan bikaina egin dute 20 urteko ibilian) zor diet jada galtzen hasia nintzen zaletasuna berreskuratzea; 1996tik 2000ko erdialdera artekoak ez ziren bereziki urte liluragarriak izan txirrindularitzan.

Ederki, bada, kasu egin diezaiodan Joni, eta hitz egin dezadan beste Ion batez eta kirol kontuez: Ion Izagirrez, hain zuzen ere. Lehenago ere banuen susmoa, irudipena: ez da behar beste estimatu eta balioetsitako txirrindularia izan. Arreta eman zidaten, txarrerako eman ere, aurtengo Itzulia hasi aurreko egunetan sarean zabaldutako txio batek eta irudi batek. The Big Five (Bost handiak) jartzen zuen, eta nabarmentzen zituen Roglic, Vingegaard, Evenepoel, Ayuso eta Bilbao. Itzuliko Twitter kontuak ere zabaldu zuen txioa. Segituan etorri zitzaidan galdera. «Eta Ion?». Lau aldiz hirugarren, behin bigarren, eta beste behin txapeldun Itzulian. Besteak gutxietsi gabe, nork du haren palmaresa Itzulian? Eta Itzulitik kanpo ere zenbat euskal txirrindularik dute haren palmaresa, etapa bat hiru handietako bakoitzean, besteak beste?

Ez naiz batere datuzalea kirol kontuetan, ez behintzat big data-ren morrontzapeko estatistika eta irakurketena. Baina, tira, hori du Ionek palmaresa. Eta datuez harago, edo honantzago, txirrindulari sen erabatekoa, inoiz gauza harrigarririk egin ez duena, berezko ezaugarrietara egokitu dena. Ez dugu ahazteko beste lagun batek —Igorrek— eta biok Giroko haren etapa garaipena, Faltzesen, 2012an. Lanetik bueltan, Ormaiztegin geratu eta ospatzeko garagardo eder bana hartu baikenuen. Horregatik ere maite dugu Ion, ziur asko: txirrindularitzak datuak baino gehiago istorioak ematen dituelako, eta gure herritik gertukoa izateagatik, egun oso modako ez dagoen arren, emozioetan ere zero kilometrokoa izateak garrantzia baduelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.