mikel reina
HIRUKOTIK

Joko bat baino gehiago

2024ko ekainaren 18a
05:10
Entzun

Amaitu da saskibaloia Europan. Hobe esanda, amaitu dira herrialdeetako txapelketak, herrialde askotan bete-betean jarraituko baitute, Parisko Olinpiar Jokoak prestatzen. Beraz, saskibaloiak ez du etenik. Ezin du izan. Zer egin beharko genuke bestela.

3-1

Azken urteetan bezala, ezusteko gutxi egon da herrialdeetako ligetan. Agian, Murtziarena izan da ezusterik handiena, ACB ligako finalerako sailkatu baitzen. Kantxa faktorea aurka izanda egin zuen, gainera. Baina, horrek, kalte egin beharrean, mesede egin zien: etxetik kanpo lortu zituzten garaipen guztiak Valentziaren eta Unicajaren aurka. Real Madrilek, ordea, ez zien inolako aukerarik eman finalean.

Milanek ere nahiko erraz irabazi zuen liga: 3-1 hartu zuen mendean Boloniako Virtus finalean. Denboraldia salbatu beharra zuten biek ala biek, baina, agian, ez da nahikoa izango. Ettore Messinak beste talde izugarri bat eratu nahiko du udan, enegarrena, ea behingoz esperotako aurreikuspenak betetzen dituen. Gainditzea handia litzateke azken urteetako emaitzak ikusita. Bolonian ere hausnartu beharko dute.

Alemanian, berriz, Pablo Laso gasteiztarrak kopa eta liga irabazi ditu. Bost urte zeramatzan Bayern Munichek liga irabazi barik. 3-1 irabazi zuen azken kanporaketa Berlingo Albaren aurka. Hain zuzen ere, 3-1ekoa izan da emaitzarik errepikatuena Europako lehiaketetan. Ez da egon ez ezusterik, ez emoziorik. Turkian, Fenerbahcek eta Frantzian Monakok horrela hartu dituzte mendean Anadolu Efes eta Paris, hurrenez hurren. Era berean, Lituanian gertatu da ezusteko bakarra, Lietuvos Ritas Zalgiris gainditzeko gai izan zen, eta duela bi urteko garaipena errepikatu. Emaitza? Gainontzekoetako bera: 3-1. Bide beretik ere zihoan Grezian Olympiakosen eta Panathinaikosen artekoa, 2-0 aurreratu ziren gorriak, baina Ergin Atamanek bere denboraldi amaiera biribildu behar zuen. Bosgarren partidara heltzea lortu zuten berdeek, eta zaleen aurrean ez zuten hutsik egin.

Parisen elkartuko dira

Indarrak hartzeko ia astirik gabe jarriko dira martxan selekzioak. Asko lanean daude dagoeneko. Oraindik ez dago zehaztuta Parisko Olinpiar Jokoetan ariko diren selekzioak. Denek egon nahi dute, baina ez dago guztientzako tokirik. Uztailaren 2tik 7ra gizonezkoen azken lau tokiak banatuko dira. Gaur-gaurkoz, zortzi herrialdek daukate ziurtatuta lekua: Frantzia, AEBak, Kanada, Hego Sudan, Japonia, Alemania, Australia eta Serbia. Argi dagoena da ziurtatuta izan edo ez, nahi dituztela jokatu Olinpiar Jokoak. Estatubatuarrentzat Munduko Kopa baino garrantzitsuagoak dira, eta azken lehiaketetako beherakada ikusita, denek jokatu nahi izan dituzte. Steph Curry, LeBron James, Kevin Durant, Kawhi Leonard, Jayson Tatum, Joel Embiid, Devin Booker, Tyrese Haliburton, Anthony Edwards, Jrue Holiday, Bam Adebayo eta Anthony Davis... selekzio ikusgarria dute AEBek. Nikola Jokic serbiarra, Giannis Antetokounmpo greziarra eta Luka Doncic esloveniarra ere deituta daude. Inor gutxik egingo du huts.

Emakumezkoetan ere, Diana Taurasi estatubatuarrak bete egingo du aurretik txantxetan esandakoa: «Parisen ikusiko dugu elkar». 42 urterekin, seigarrenez ariko da Olinpiar Jokoetan. Eta guztietan sari bera lortu du: urrezko domina. Horrenbestez, beste urtebetez lorpenik handiena lortu nahiko du. Ez dago beste aukerarik.

WNBAk All Starreko izarren asteburuaren ostean hilabeteko etenaldia egingo du, uztailaren 21etik abuztuaren 14ra. Horrek ere eragin zuzena izango du emakumezkoen ligan. WNBAko jokalariak fitxatu nahi dituztenek gehiago itxaron beharko dutelako haien izarrak izan arte. IDK-k, adibidez, ez du arazorik izango, hamar jokalariko taldea itxi baitu dagoeneko. Gernikak, berriz, bederatzi ditu orain, baina besteren bat faltako da. Lasaiago ari da Araski: hiru jokalari bakarrik ditu. Made Urieta taldeko entrenatzailea Parisen egongo dela da horren arrazoia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.