Saskibaloia etengabe ari da moldatzen. Pentsatzen dugun baino gutxiago, baina etengabe. Adibidez, gaur egun jokatzen diren jokaldietako oinarri asko aspaldikoak dira, hiruko marra oraindik ez zegoenekoak. Hori bai, gaur egun bakoitzak bere ukitua ematen dio, blokeo bati angelu desberdin bat edo bestelako jarraipen bat emanez. Espazio kirol bat da azken batean saskibaloia.
Espazio kontua
Kantxako neurriak ez dira aldatu. Hori beste eztabaida bat izango litzateke, gaur egun ia espaziorik ez dagoelako jokalariak sartzeko. Zabaleran beharrean, luzeran moldatu behar izan da saskibaloia. Eta ez du hiruko marrak bakarrik zehazten muga. Gero eta ohikoagoa da zazpi metrotik harago jaurtiketak egitea, eta ez bakarrik NBAn.
Hirukoekiko dependentzia dago gaur egungo saskibaloian. Hirukoek agintzen dute. Denboraldi honetan inoiz baino hobeto ikus daiteke. Taldeentzako beste aukera nagusia defentsak kokatu barik daudenean eraso egitea da, gero, bestela, espazioak asko mugatzen direlako. Horrenbestez, ez da arraroa Europako bi talderik erakargarrienak Valentzia Basket eta Paris izatea. Pedro Martinezek, Valentziako entrenatzaileak, urteak daramatza erasora eta bizi jokatzen. Aurten atsedenaldian 73 puntu sartzeko gai izan ziren Eurokopan Errumaniako Clujen aurka. Zaragozaren aurka, berriz, lehen laurdenean bakarrik hirukoak sartu zituzten: bederatzi.
Parisi dagokionez, garai aproposa da haren lana aztertzeko. Izan ere, pixkana haien maila normaltzen joan da. Tiago Spliterren taldeak Euroligako azken hiru norgehiagokak galdu ditu jarraian, eta lehen postua galdu du. Are gehiago, oraindik ez dauka inondik inora ere ziurtatuta kanporaketak jokatzea. Baina, zalantzarik gabe, frantziarrek erakutsi dute jokorik onena sasoi honetan. Urrutira joan gabe, Buesa Arenako bigarren laurdena da horren adibide.
Baina Gasteizko partida horrek zerbait erakutsi bazuen, zera erakutsi zuen: gaur egungo aldeen hauskortasuna. Zaila da markagailuan alde erabakigarririk hartzea, lehiak zabalik daude eta inoiz baino luzeagoak dira. Alde horretatik, eta beste eztabaidagai bat izango litzateke, epaileen bideo erabaki etengabeak daude. Horren ondorioz, partidak luzatu eta bi ordutik gora irauten dute. Baina egun 15 punturen aldea minutu gutxian murriztu daiteke. Zergatik? Hiruko marrak agintzen duelako. Parisek horrela zabaldu zuen tartea Zurbanon bigarren laurdenean, bost hiruko sartu zituzten. Bigarren zati osoan, berriz, bakarra. Arabarrek, ordea, Markus Howard onena aurkitu zuten, zelan ez, hiruko marratik.
Kausalitatea
Duela aste gutxi batzuk, Bilbo Basketen eta Baskoniaren arteko euskal derbian, 50 hiruko jaurti zituzten, eta bederatzi bakarrik sartu. Bilbo Basketek, berriz, azken jardunaldian hogei sartu zituen 41 saiakeratatik. Gaur egun ez da harritzekoa hiruko jaurtiketa gehiago egitea bikoak baino. Ruben Dominguezek bizkaitarren hirukoen eta puntuen errekorra hautsi zuen: zortzi hiruko eta 35 puntu. Domiguezek 21 urte ditu, eta 23 minututan lortu zuen balentria. Lehen esan bezala, gero eta ohikoagoak dira horrelako uneko erakustaldiak. Horrela sartu zituen Kendrick Nunnek zazpi hiruko laurden bakarrean.
Azken batean, joera batetik dependentzia batera igaro da. Gaur egun, batzuei sinestea kostatzen bazaie ere, defentsa lan ona egin dela esan daiteke 80 puntu jaso arren. Valentziaren aurka 94 jaso ondoren, hori bera esan zuen Jaka Lakovicek, Kanaria Handiko entrenatzaileak. Ez du zertan zerikusi zuzenik izan puntu asko jasotzeak defentsan bigun ibiltzearekin. Erritmo kontua da, jabetza kopurua, azken batean. Izan ere, zenbat eta jabetza gehiago, orduan eta puntu gehiago sartzeko aukera. Zaila da 70 punturekin partida bat irabaztea. Atzean geratu dira horrelako markagailuak. Are gehiago, hiruko marratik gero eta saiakera gehiago egiten badira.
Emakumezkoetan oraindik ez dago hainbesteko alderik, baina joera hor dago. Uztaipea gehiago bilatzen da, baina aurkariak gero eta gehiago ixten dira. Beraz, kanpoko lerrotik mehatxurik izan ezean, espazioak gero eta txikiagoak izango dira barnealdean. Alde horretatik, zonakako defentsak ere ugariagoak dira. Ez da kasualitatea. Argi dago kausalitatea direla hirukoak.