Joao Almeidak irabazi du Euskal Herriko Itzulia

Portugaldarra nagusi izan da azken etapan, eta aise defendatu du lidergoa. Harekin batera iritsi da Enric Mas; nagusian bigarren posturaino egin du jauzi. Maximilian Schachmannek eutsi egin dio podiumeko postuari. Aranburu zazpigarren izan da nagusian.

Joao Almeidak irabazi ditu azken etapa eta Itzulia. JAVI COLMENERO / EFE
Joao Almeidak irabazi ditu azken etapa eta Itzulia. JAVI COLMENERO / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko apirilaren 12a
18:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Joao Almeidak (UAE) aise isilarazi ditu iraultzaren danbor hotsak Itzuliko azken etapan. Eibarko saioa altxamendu askoren eszenatoki izan da azken urteetan, baina sendotasun handia erakutsi du gaur portugaldarrak. UAE taldeak kontrolpean izan du egoera, harik eta Izuan liderrak sagarrondoa astindu duen arte. Indar aldetik jakina zen zaila izango zela hura atzean uztea, baina zortea ere aintzat hartu beharreko aldagaia zen. Bada, ezbeharrei izkin egin die Almeidak, beste taldeburu batzuek ez bezala. Enric Masek (Movistar) soilik eutsi dio txapeldunaren joari. Esprintean ezin izan du hura aurreratu, baina konforme izango da halere, zortzigarren postutik bigarrenera egin baitu jauzi. 1.52ra geratu zaio liderra. Etapako hirugarren sailkatua Ben Healy (Education) nekagaitza izan da, hamahiru segundoko atzerapenarekin.

Maximilian Schachmannek (Soudal) azterketa zaila zuen gaurkoan, baina gainditu egin du, podiumeko postuari eutsi baitio. Hirugarren bukatu du Itzulia, 1.59ra. Florian Lipowitz (Red Bull), ordea, podiumetik kanpo geratu da; Izuan gora matxura izan du, eta ihes egin dio onenen trenak. Laugarren bukatu du Itzulia, 2.07ra. Mattias Skjelmose (Lidl), berriz, eroriko baten ondorioz geratu da hiru onenen artean sartzeko aukerarik gabe. Bosgarren hasi du etapa, eta postu horrekin konformatu behar izan du azkenean; 2.17ra gelditu da.

Etapak Izuan gora egin du eztanda, azken 40 kilometroetan. Ordura arte, lasai ibili dira faboritoak, eta mokoka, iheslariak. Bada, indartsuenen txanda iristean, berriz ere aurpegia eman du Alex Aranburuk (Cofidis). Almeida eta Masen atzetik, hura izan da faboritoen artean onena; bosgarren bukatu du etapa, Almeidak baino 58 segundo geroago. Sailkapen nagusian, berriz, zazpigarren postuan bukatu du lasterketa, liderrarengandik 2.45era. Ehiztari eta errematatzaile gisa oso iaioa izan da betidanik, eta horren erakusle da Beasainen lortutako garaipena. Haatik, harrigarria izan da aste osoan nagusiaren borrokan erakutsi duen maila.

Elkorrieta, Azurki eta Krabelin igo dituzte lehen 50 kilometroetan, baina faboritoek bukaerarako utzi dituzte suziriak. Etapa ehiztariak, berriz, jo eta ke aritu dira. Azurkin hogei txirrindularik hartu dute aurrea. Euskal ordezkari gisa, bertan ziren Ion Izagirre (Cofidis), Txomin Juaristi (Euskaltel) eta Unai Iribar (Kern Pharma). Healyk berriz irabazi nahi zuen, bezperan bezala, eta arrakasta gosez ziren maila handiko beste zenbait ziklista ere: Daniel Felipe Martinez (Red Bull), Pablo Castrillo (Movistar), Romain Gregoire (Groupama), Sepp Kuss (Visma) eta Marc Hirschi (Tudor), besteak beste.

Haietako inor ez zen mehatxua Almeidarentzat. Sailkapenean Jordan Jegat (Total Energies) zuen gertuen, 3.18ra. Hori horrela, tropelak erritmo lasaian igo du Krabelin. Ihesaldia, berriz, sakabanatu egin da. Izagirrek galbahea gainditu du, baita Juaristik ere; ez, ordea, Iribarrek. Armirailek, bere aldetik, jokaera borrokalaria izan du gaur ere, eta bere kabuz abiatu da Krabelinen jaitsieran. Ordurako, kasik segurtatua zuen mendiko sailkapeneko lidertza, eguneko aurreneko mendateak lehen postuan igaro ondotik. Trabakuatik bakarka igaro da, baina harrapatu egin dute Karabieta igotzen hasterako. Mendate horretan, behera egin du iheslarien abantailak, eta aldi berean, goian behean hasi du euria.

Gero atertzera egin du tarte batez, eta Izuan, erasoen zaparrada iritsi da; lehenago, Healyk eta Martinezek martxa bizkortu baitute Eibarren, 43 kilometroren faltan. Haien joa gehiegizkoa izan da Izagirrerentzat eta beste iheslarientzat. Ordurako, amore emana zen Juaristi. Healy abenturazale bakartia da, eta Martinezi eraso egitea deliberatu du. Kolonbiarrak beste zeregin bat hartu du laster: Lipowitzi laguntzea. Izan ere, sailkapeneko hirugarrenak bizikleta aldatu behar izan du igoera betean, eta segundo preziatuak galdu ditu.

Oparirik ez Almeidak

Ordurako, soka tenkatzen hasia zen UAE. Taldekideek bikain babestu dute Almeida, eta erasoa prestatu diote Izuan. Portugaldarrari hautagai bakarrak eutsi dio: Enric Masek. Jegat ere liderraren bagoira igo da, ihesean ibili eta gero. Gailurrean 50 segundora zuten Healy; Lipowitz, berriz, liderra baino minutu bat geroago iritsi da gora. Gertuago zen Aranburu, beste zenbait hautagairekin batera.

Almeidari Isaac Del Toro eta Marc Soler taldekideak batu zaizkio. Skjelmosek ere atzetik aurrera egin du, Thibau Nysekin batera. Gauzak horrela, bidea egin du maillot horiaren multzoak, eta hogei kilometroren faltan harrapatu dute Healy, Trabakua igotzen hastear zirela. Mendate horren jaitsieran, laprast egin du Skjelmosek, eta podiumean sartzeko aukerarik gabe geratu da. Gainontzeko hautagaien multzoan iritsi da helmugara. Lipowitz ere bertan izan da. Ez, ordea, Aranburu, Trabakuan behera aitzineratu ostean.

Mas kexaka hasi da aurrean. Erreleboak emateko eskatu dio Healyri. Eta bi kilometroren faltan, berriz, ea irabazten utziko zion galdetu dio Almeidari. Ordurako, bakarrik geratuak ziren biak. Portugaldarrak berea zuen Itzulia, baina ez zuen oparirik egin nahi. Etapa irabazita, amaiera bikaina eman dio aste osoko jardunari. Arrakalarik gabeko txapelduna izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.