Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. 2013ko Frantziako Tourra. Nire txokotik

Jaizkibel 13 aldiz

2013ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Taldearen lana goraipatuz hasi beharra daukat gaur. Beste bi aukera geratzen zaizkigu oraindik, baina saiatu ez garenik ez digute esango, behintzat. Ahaleginaren erakustaldia eman dugula uste dut, eta horixe da egin dezakegun gutxienekoa: saiatzea. Lau taldekide sartu ditugu ihesaldian; beste inork baino gehiago. Zer-nolako jarrera eta hankak dauzkagun erakusten du horrek. Nieverekin mendia eta etapa irabaztea zen apusturik serioena, eta horretarako aritu dira lanean denak.

Txapela kentzeko moduko lana egin dute, baina nire ihesaldian gertatu zen moduan, Rui Costarekin topo egin dute zoritxarrez. Lehen ere esan nuen sailkapen nagusi on bat egiteko moduko txirrindularia dela, baina bestelakoa da taldearen taktika. Bi aldiz sartu da ihesaldian, eta bi etapa irabazi ditu. Oso-oso egun ona behar zen Rui Costari irabazteko, igotzaile ona, erlojupekoetan abila eta txirrindulari azkarra delako. Mikelek, gainera, ez du eduki bereziki egun onik. Oraindik ere helburua bete ez dugun arren, pozik gaude egindako lanarekin. Berriz ere ihesaldian sartzen saiatuko gara Alpeetako azken etapan, eta Lobatoren apustua daukagu Pariserako. Saiatuko gara. Ziur egon.

Eta ez nuke amaitu nahi etapari buruz bi hitz egin gabe. 204 kilometro egin ditugu, bost mendaterekin. 5.000 metro igo ditugu sei ordutik gorako ahaleginean. Zoritxarrez, ez naiz gai hitz hauekin etaparen gogortasuna deskribatzeko. Beti azpimarratzea gustatzen zaidan moduan, zalantzarik gabe azken postuan iritsi denak sufritu du gehien. Asko sufritzen dute aurrean edo erdi parean iristen direnek; jakina da hori. Baina tropelari jarraitu ezinik ibili diren esprinterrek eduki dute benetan egun gogorra.

Etapako lehen bi mendateak 25 kilometrokoak ziren, eta 70 kilometrotik gora egin ditugu aldapa gora. Euskal Herrian geografikoki ez dago aukerarik horrelako entrenamendu bat egiteko, hain mendate altuak ez daudelako gurean. Hamahiru aldiz igo beharko genuke Jaizkibel gaurkoaren pareko desnibela pilatzeko. Pentsa! Ikaragarria da Alpeen handitasuna eta gogortasuna. Hemeretzi etapa igarota, pentsatuko duzuen moduan, Parisera iristeko irrikan gaude gehienok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.