mikel reina
HIRUKOTIK

Izarrak lerrokatuta

2024ko ekainaren 25a
05:05
Entzun

Ez da ezustekorik egon. Boston Celticsek irabazi du NBA. Hautagai nagusia zen, eta oraingoan ez du hutsik egin. Hamasei urte eraztuna irabazi barik gehiegi ziren eraztun gehien dituen frankiziarentzat. Los Angeles Lakersekin duela lau urtetik zegoen berdinketa hautsi beharra zuen. Zenbakiak ere alde zituen, bost aldiz bakarrik izan baita txapeldunorde.

Munduko txapeldunak

Baina, batez ere, eraztuna lortzeko bideari erreparatu beharra dago. 2008ko eraztunetik etengabeko aldaketetan murgildu ziren berdeak. Bide hori ulergaitza da Brad Stevensen figura gabe; lehenbizi, aulkian, eta, gero, bulegoan. Drafteko hautaketetatik hasi eta mugimenduetara arte nabarmendu da. Hasieran, erabaki ulergaitz batzuk hartu zituen: Al Horford beteranoaren etorrera, adibidez. Beste erabaki batzuk, berriz, gogorrak izan ziren: Marcus Smarten agurra. Baina guztiak beharrezkoak eta funtsezkoak izan dira azken helburua lortzeko. Beste behin, argi geratu da, gaur egun, epe ertain eta luzeko proiektuek hobeto funtzionatzen dutela epe laburrekoek baino. Atzean geratu dira super taldeak, hainbat izar biltzen zituztenak. Phoenix Sunsi gertatu zaiona ikusi besterik ez dago. Urteetako bide orriari jarraituz egiten dira taldeak. Hori bai, dinastiez hitz egitea are eta zailagoa da.

NBAren arabera, munduko txapelduna da Boston Celtics. Estatubatuarrak eta haien inperialismoaren enegarren adibidea besterik ez da. Hain zuzen ere, izaera hori berreskuratu nahiko dute Parisko Olinpiar Jokoetan. Haientzat beti izan dira garrantzitsuagoak Olinpiar Jokoak Munduko Kopa baino, are gehiago azken urteetan porrot egin eta gero. Olinpiar Jokoetan bai, hemen izarrak biltzeak ez du hutsik egiten, eta guztiak izar handiak badira, are gutxiago. AEBetako izar guztiak ariko dira Parisen, baina ez NBAko guztiak. Izarrek distira asko egiten badute ere, itzalean lan egiten duten jokalarien laguntzarik barik ez baitago lerrokatze zuzenik.

Distira eta itzala

Izarrak ere mugitu egiten dira, baita lerrokatu ere. Hori bilatzen dute entrenatzaileek. Bilbo Basketek, adibidez, nahiko lerrokatuak ditu. Ez dira aurrekontuagatik izar distiratsuenak izango, baina erakutsi dute Miribillan distira egiteko gai direla. Batez ere, lanak eta ardurak daude lerrokatuta: Jaume Ponsarnau entrenatzailearenak eta Rafa Pueyo kirol zuzendariarenak. Batek eskatu egiten du eta, besteak, ahalik eta ondoen bilatzen eta topatzen du. Orain arte, emaitzak ezin hobeak izan dira.

Baskonian oraindik misterioa da nagusi. Inor gutxik espero zuen taldeak Kamar Baldwin eta Timothe Luwawu-Cabarrot fitxatzea. Zurrumurru gutxi dago Buesa Arena inguruan. Gehiago daude Gasteizko kaleetan, esango nuke, batez ere oraindik ez dagoelako entrenatzailerik. Ez dago izarrak lerrokatuko dituen pertsonarik. Eta, orain bai, orain lehiaketa guztiak amaituta daude. Akaso selekzioetako hautatzaileak daude lanean. Ezin dute askorik atzeratu iragarpena, uztailean sartzear gaudelako, eta hobeto delako etxeko lanak aurreratzen joatea; konturatu orduko irailean gaude. Gasteizen, gainera, asko itxaron dute azken sasoian, joko antolatzaile bat fitxatzeko batez ere, eta azkenean ez zen ezer heldu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.