Ander Lujanbio.
Analisia

Izarrak dir-dir egiten du

2014ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Talde zein motorgileek denbora luzean eginiko lanaren emaitza ikusteko garaia heldu da. Asteburuan, Melbournen hasiko den 1 Formulako munduko txapelketa aldaketa teknikoz beterik dator.

Azkenaldian, denon ahotan dabil motor eta gailu hibridoen sendotasun falta eta baita Red Bullen urrezko aroaren hurbileko amaiera ere.

Denboraldi-aurreko testetan argi ikusi zen bezala, Renault motorra erabiltzen duten taldeak larri dabiltza motorra hotz mantentzeko lanetan eta baita sistema hibridoak puntuan jartzen ere. Badirudi Renaulteko motorgileek hainbat arazo izan dituztela 1.6 litroko V6 motorra garatzean, eta, ondorioz, berandu eta eskas bidali die informazioa taldeei.

Kinielen arabera, Mercedes motorra duten autoak dira faboritoak: Mercedes AMG Petronas eta McLaren Mercedes, nagusiki, eta atzetik, Williams eta Force India. Mercedesen, urteak daramatzate aurtengo motorra diseinatzen, eta dena ederki lotuta dute.

Hala ere, Renault eta Ferrariko ingeniariak ez dira inozoak, eta seguru denboraldiko laugarren lasterketa baino lehen nola edo hala arazoak konpondu eta aldeak nabarmen txikituko dituztela.

Orain arte ikusitako denborek ez dute zeresan handirik. Oso zaila da taldeek zer, nola eta zergatik probatu duten jakitea. Talde handiak lasterketako erritmoa aurkitzen saiatzen dira, autoak gasolinaz lepo bete eta ahalik eta itzuli gehien emanez, boxetan geldialdirik egin gabe. Talde txikiak, ordea, autoa ahalik eta gehiena arindu eta ahalik itzuli azkarrena ematen saiatzen dira, komunikabideen arreta bereganatzeko.

Sasoi-aurrean itzuli gutxi eman bazituzten ere, argi geratu da Red Bullek auto oso azkarra egin duela, eta sendotasuna hobetzen badu, Sebastian Vettelek berriz ere aukera nabarmen eta argiak dauzka txapela janzteko. Asteburuan hasi eta azarora bitartean, teknologia berrien etorrerak sorpresaz beteriko ikuskizun zirraragarri eta interesgarria eskainiko digu, inongo ezbairik gabe!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.