gorka erostarbe leunda
Katerik gabe

Itzuliaren biribilgunea

2025eko apirilaren 10a
11:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Hori dute biribilguneek. Har zenezakeela biderik zuzenena, ia itsu-itsuan; edo ziaboga osoa eman, eta kontrako norabidea hartu. Kaka-nahaste dezentekoa gertatu zen atzo Beasaiango biribilgunean: kaltetu nagusiak, Alex Aranburu etaparen garailea (seguru naiz merezi arren ez duela zoriontasun betekorik disfrutatu ahal izan), eta Itzuliaren beraren irudia. Itzuliaren lasterketaren liburuan, biribilgunean alde batetik azaltzen omen ibilbidea; errepidean bertan, beste aldetik.

Eta, zoritxarrez, badirudi Itzuliak azken urteotan itsu samarrean aurrera egitea deliberatu duela, akatsak akats, gogoetarako tarte handirik hartu gabe.

Bolardoak izan ziren aurrena; 2015eko Itzuliko lehen etapa Bilbon amaitu zen, eta gaizki seinalizaturiko bolardo batzuen erruz istripu larri samarra izan zuten lau txirrindularik: Adam Yatesek, Nicolas Edetek, Sergio Pradillak eta Peter Stetinak. Hilabeteak behar izan zituzten osatzeko.

Gertukoagoa da iazkoan Oleta mendatean behera gertaturikoa. Zuhaitz adar batzuek errepidean sorturiko ondulazioek, peralte txarrak… istripu larria eragin zuten; dozena bat txirrindulari geratu zen errepide ertzean minak hartuta. Irudia gogorra eta etsigarria. Kaltetuenak: Jonas Vingegaard, Remco Evenepoel, Steff Cras eta Jay Vine.

Istripu, ezbehar eta gertaera batzuk saihetsezinak izaten dira, baita txirrindularitzan ere; beste batzuek, aldiz, aurrez izan behar lukete erremedioa; errepideen egoerak eta seinalizazioak, oroz gain.

Antolakuntzaren akatsak dira, agian baliabide faltak eragindakoak, baina ez legoke sobran bi kontu horietan indar gehiago jartzea, aldez edo moldez. Min ematen du esateak ere, baina esan ezean okerrragoa da: urte luzeetako ibiliak merezi ez duen sona txarra pilatzen ari da Itzulia, eta horrek zentzu askotan du eragina, parte hartzaileen zerrendan, besteak beste.

Akaso ordua iritsi da biribilgunea leun hartu eta norabidez aldatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.