mikel reina
HIRUKOTIK

Itxaronaldia

2024ko uztailaren 3a
18:10
Entzun

Ez beti, baina itxaronaldiek merezi dute. Baskoniako zaleak ezingo dira kexatu. Azkenean, antolatzailea heldu da, baina oso bestelakoa, aulkikoa. Hura ere behar zuten. Azken hamarkadako fitxaketarik esanguratsuena da Pablo Lasorena, estrategikoa. Nor delako, nongoa delako, nondik datorrelako eta, batez ere, zertara datorrelako. Behingoz, 2027ra arteko kontratua sinatuta, benetako proiektu bat ahalbidetzen duelako. Lasok ere hori behar duelako. Horretarako joan zen Munichera, eta horretarako itzuli da Gasteizera.

Gipuzkoa Basket utzi zuenean inork ez zuen aurreikusiko Real Madrilen izan zuen arrakasta: errautsetatik fenix hegaztira arte. Eta hori bakarrik ez, jokamolde bat ezarri zuen: jokalari moduan hain gustuko zuen abiadura eta bizitasunarena; hau da, saskibaloi ikusgarria, gozagarria. Ez delako bakarrik irabaztea, zelan irabazteak ere axola du. Izaera berezia du Lasok, eta badaki nora etorri den; inor gutxik baino hobeto, gainera.

Baskonia ez da Real Madril. Ez da inoiz izango. Eta ez du izan nahi. Zutabe onak ditu proiektua eraikitzeko, berak baino kontratu luzeagoak dituztenak: Markus Howard, Tadas Sedekerskis eta Khalifa Diop.

Baina, batez ere, bestelako lidergo bat posible dela erakusteko gaitasuna du Lasok. Baskoniako ikur bilakatzeko gaitasuna du. Horretarako, ordea, denbora behar izaten da. Baskonian, denborak, atzera egin baino gehiago, aurrera egin beharko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.