Trapailazko olatutik

Itsasoaren zain

2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Aste honetan izan behar zuen, baina Neptuno eta Eolo apetatsu jartzen direnean elkar-lan bikaina egiteko gai izaten dira, eta bi horien kontra gauza gutxi egiteko gai gara. Gauzak horrela, itsasoko lehen estropada bertan behera geratu da, eta bi aste itxaron beharko ditugu traineruak itsaso irekian ikusi arte.

Ziur nago aste honetan talde guztiak itsasora atera garela behin baino gehiagotan estropada hau prestatzeko intentzioarekin, izan ere, horrelako eremuetan fin ibili ezean, jabetzen zarenerako izugarrizko segundo pila galdu ditzakezu, eta erregulartasuna helburu duen liga batean ezin dugu hutsik egin, bestela, akabo.

Azkenean, esan bezala, iragarpen txarrenak bete egin ziren igandeko estropadan, eta estropada eremuz aldatzea erabaki zuten antolatzaileek, badia barrenera eramanez. Oraingoan ez dut erabakia zalantzan jarriko, nire ustez, erabaki egokia hartu baitzen, baina pena da itsasoko estropada bat galtzea. Azken urteotan gero eta estropada gutxiago jokatzen ditugu itsasoan, eta horrek ikusmira itzaltzen du askotan. Akaso ez al da arraunlari ororen gozamena olatuen gainetik joatea? Eta ikusleek noiz sentitzen dute oilo-ipurdia azalean? Traineruak itsaso irekian ibiltzeko egin ziren, eta egiten dira, horixe baita beraien habitat naturala.

Bestalde, haizearen eraginaz aparte, ibai eta itsas sarreretan izugarrizko aldaketak egoten dira kalearen arabera, korrontea dela, ur-maila dela... Hori guztia ez da gertatzen itsaso irekian, eta horrek neurri batean desabantailak murriztea ahalbidetzen du. Azkenean ez al da hori denok eskatzen duguna, denok nahi duguna? Zoriaren presentzia hutsal hori desagertaraztea?

Mota guztietako estropada eremuak egon behar direla pentsatzen dut, baina Kantauriko hegian itsaso irekiko estropada eremu fidagarri asko ditugu, eta askotan ez ditugu erabiltzen. Ikuskizunaren alde, fidagarritasunaren alde, gure sustraien alde, itsasoko estropada gehiago behar ditugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.