A steartean izan genuen asteko lehen istripua. Pasaian genbiltzan, entrenamendu saioa bukatzeko azken seriea egiten: «Bikin gora! Bat! Bi!», oihukatu zuen patroiak. Entzun nuen hurrengo oihua desberdina izan zen: «Aaaa». Sorbalda atera zitzaion taldekide bati, eta egin zion minarekin, momentuan besoari bultza eta bere lekura eraman zuen berriro. Animo, Malen!
Ostiralean, entrenamendu saioa ohi baino beranduago hasi genuen, istripua izatera iritsi ez zen ezbehar txiki bat tarteko. Gaizki ulertu batetik eratorritako sustoa.
Larunbatean, Orioko estropada pozik bukatu, eta uretatik ateratzeko zain ginela ere istripu txiki bat izan genuen... uretan zebilen txalupatxo bat abordatu genuen nahigabe. Itxaron, uste dut hori ez kontatzekotan geratu ginela, baina lekuko asko zeuden, ekipo.
Igandean, Castrora bidean, autobusak abiadura moteldu zuela konturatu, eta auto istripu txiki bat gertatu zela ikusi genuen. Bueltan gentozela, errepidean beste istripu bat gertatu zela ikusi genuen. Eguneko istripua, ordea, gurea izan zen, eta ez naiz aitzakiak jartzen hasiko... Agian gure txanda izango zen, bederatzi egunetan bost estropada jokatu eta... azkenekoan: pott.
Ziur aski, batek baino gehiagok pentsatuko du Zierbenak istripuz irabazi zuela igandeko bandera, gizonezkoen gorengo ligak Galiziara egindako bisitan. Ez dut uste istripua izango zenik Aitor Lazkanorentzat, sekulako lorpena baizik. Hamasei urterekin, TKEn bandera bat eskuratu duen arraunlari gazteena da.
Bizitzan bezala, kirolean ere estropuz egiteko eskubidea dugu, baina altxatu eta aurrera egin beharra dago, ez dago beste aukerarik. Beraz, istripuak istripu, badakizue: «Bikin gora! Bat! Bi!».
«BIKIN GORA!»
Istripuak bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu