jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Irteera helmuga

2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Zaila da Olinpiar Jokoetara iristea, Olinpiar Jokoetarako sailkatzea. Ez da nahikoa oso ona izatea. Onenetakoa edo onena izan behar da. Mundukoa. Eta, gaur egun, oso zaila da zerbaitetan onenetakoa edo onena izatea. Kostako zaigu kirolen batean ezkaratzeko onenak izatea. Zer esanik ez, auzokoa. Herrikoa, pentsaezina. Hortik gora, utopia. Bada, Olinpiar Jokoek munduko kirolaririk onenak elkartzen dituzte. Sarrera mugatua dute.

Sekulako meritua du Olinpiar Jokoetako edozein lehiaketako irteera puntura iristeak. Horrek esan nahi baitu, ona izateaz gain, kirolaria lehiatzeko moduan iritsi dela. Eta goi mailako kirolariek egurra ematen diote gorputzari, jipoitu ere bai sarritan. Gorputzari emandako egurraren barruan sartzen da buruari emandakoa ere: tentsioa, estresa...

Horregatik, ez da zaila Olinpiar Jokoetara, lau urteko topaketarik garrantzitsuenera, minen edo ezinen batekin iristea, izan gainkarga, izan lesioa. Edota erreta, burua zamatuta edo blokeatuta.

Olinpiar Jokoetan, gainerako txapelketetan bezala, metro, segundo, partida, borroka, kolpe, jaurtiketa, jauzi... gutxi batzuetan neurtzen dira kirolariaren maila eta gaitasuna. Neurria. Balioa.

Gerta liteke lau urtean gogor prestatzen aritu, Olinpiar Jokoetara iritsi, lehiatzen hasi, eta di-da batean etxera bueltatu behar izatea. Ikusle eta jende askoren begietara, porrot eginda. Akabo ametsa.

Krudelak dira Olinpiar Jokoak. Dominen arabera neurtzen dira arrakastak eta porrotak. Komunikabide askok kinielak ere egiten dituzte beren herrialdeko kirolariek lortuko duten domina kopuruaz. Ikustekoak dira kirolari batzuen domina lortzeko aukeraz egiten dituzten errespeturik gabeko iruzkinak.

Garaipen bat da Olinpiar Joko batzuetara iristea. Kirolariek domina bat jasota hasi beharko lukete lehiaketa. Gero gerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.