Gero eta zabalduago dagoen mantra edo lelo bat dago kirolean, txapelketaren bateko finala heltzen den aldiro agertzen dena: «Finalaz gozatu egin behar da». Igandeko finalean Peio Etxeberriaren botilero lanak bete zituenak ere, Andoni Gaskuek, partidaren atarian egin zioten elkarrizketan, aitortu zuen Peiori horixe bera aholkatu ziola, herriko eta inguruko askok esango zioten bezala.
Badakit halako mezu edo aholkuek kirolaria sosegatzea dutela helburu, bizkar gaineko zama hori arintzea. Baina ez dut uste mesederik egiten diotenik, parean duen erronkaren tamainaren eta biziko duen errealitatearen kontzientzia izan behar baitu kirolariak. Jakin behar du partidak iraungo duen tarte horrek gehiago izango duela sufrikariotik gozamenetik baino, eta horri egin beharko diola aurre; gozatuko duela, baina trantzea bukatu ondoren. Ondotxo zekien hori Jokin Altunak, aurretik jokatutako hamabi finaletan pilatutako esperientzia lagun.
Horrelako partida bati heltzeko orduan, komenigarria da berau aurrez irudikatzea, gertaera posible guztien aurrean nola jokatu erabakia izatea. Eta, nire ustez, horixe izan zen finalaren alde handienetako bat.
Izan ere, pilotakada bat jo orduko hurrengoa jo nahian aritu zen Etxeberria bat ikusi nuen; berezkoa duen energia horri ezin eutsiz, etengabe airera joan eta erritmo bizia jarri nahian. Baina horrek honako hau eskatzen du: erabaki asko eta azkar hartu beharra. Eta ez da hori barrenak dantzan dituen pilotari batek partida hasiera batean hartu beharreko bidea, ez egokiena behintzat; are gutxiago erabakiak azkar eta zuzen hartzen maisua den aurkari bat baduzu parean.
Beste aldean, berriz, lanerako prest eta egin beharrekoa argi zuela kantxaratu zen Jokin Altuna: botera asko jokatuz eta jokaraziz, defenditu behar zenean defendituz, Etxeberriari zabal aldean eta botera jokatzera behartuz… tanto ikusgarririk egin gabe, partida zoragarria jokatu zuen.
Imajinatzen dut berea eman ez izanaren pena handia izango duela Peiok. Baina zera esan nahiko nioke: handia egin duzu, eta handiagoak egingo dituzu; segi bideaz gozatzen. Eta Jokini buruz, zer esan dagoeneko esan ez denik? Beti aipatu izan dut nire begiek pilotan jokatzen ikusi duten pilotaririk onena Aimar Olaizola dela. Bada, iritziz aldatzen hasita nago.