Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. 2013ko Frantziako Tourra. Nire txokotik

Irakasleari agurra

2013ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Bitxia bada ere, egunotan euskaraz hizketan hasi zaizkigu RadioShackeko txirrindulari batzuk. Tony Gallopinek, adibidez, euskaraz esan zidan atzo [herenegun]: «Mikel, nekatuta nago». Barrez hasi nintzen, eta, biok ihesaldian gindoazela, frantsesez erantzun nion nik, banekielako huraxe izango zela euskaraz ikasi zuen esaldi bakarra. Beste batzuk ere aritzen dira «eskerrik asko» eta horrelakoak esanez, eta Markel Irizarren euskaltegiaren ondorioa da hori. Oso polita da atzerritarrak euskaraz entzutea, eta gurean Gorka Izagirrek egiten du lan hori.

Romain Sicarden logelakidea da Gorka, eta lapurtarra izanda ere, euskaraz hitzik ez daki Sicardek. Tour honetan hasi da hitz batzuk ikasten. Baina, tamalez, gehienok jakingo duzuen moduan, Tourra utzi behar izan du Gorkak. Oso gaizki pasatu ditu azken bi egunak. Gaixo zegoen; eztarriko minez eta sukarrarekin. Tourra, berez, oso-oso gogorra da, eta pentsa zer den gorputza bete-betean ez dagoenean. Atzo [herenegun] oso gaizki pasatu zuen etapa hasieran. Atze-atzean geratu zen, bakarrik. Bitxikeria gisa, talde bakoitzak bi auto izaten ditu lasterketetan, tropelaren atzean joaten dena bat eta ihesaldian joaten dena bestea. Baina autorik gabe egin nuen nik lehen zatia, normala den bezala Gorkari laguntzen geratu zelako bigarren autoa.

Inorentzat ez da atsegina Tourrean horrelako egoera bat jasatea. Pare bat egunean lasaixeago ibilita gorputzak hobera egingo ote zion itxaropena bageneukan, baina oso gau txarra pasatu du; izerdi patsetan eta buruko minez ibili da, eta ezinezkoa izan du erlojupekoari ekitea ere. Ibilbidea laua izan balitz, sukarrarekin egonda ere saia zitekeen akaso. Baina oso gogorra zen erlojupekoa, eta, abiatuta ere, denboraz kanpo iritsiko zen, zalantzarik gabe. Oso-oso erabaki zaila hartu du, eta pena izugarria hartu dugu denok, penarik handiena hark izango duen arren. Tourra da urteko probarik garrantzitsuena, eta min ematen du lasterketa hau osasun arazoekin utzi behar izateak. Penatuta geratu gara gu ere, beti delako tristea taldekide bat galtzea; eta, are gehiago, Paris hain gertu edukita. Gorkarentzat omenaldi xume bat izan dadila zutabe hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.