Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. 2013ko Frantziako Tourra. Nire txokotik

Ikuskizuna irabazle

2013ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Etxeko kontuak astintzen hasita, argi dago egun txarra izan dela guretzat. Ez genuen espero bestelako emaitzarik, bagenekielako taldeko bi igotzaileek denbora dezente galduko zutela. Oso laua eta haizetsua zen ibilbidea, espezialistentzat aproposa. Horrelakoetan normala da igotzaileek dezenteko denbora galtzea, eta, tamalez, Nieve eta Antonenak izan dira galera handienak. Ez da geure burua zuritzeagatik, baina hasiera-hasieratik etapa bat irabaztea izan dugu helburu, eta horri eutsiko diogu, sailkapen nagusian gora egin dezakegula ikusiz gero ez diogula uko egingo onartu arren. Alde horretatik, atzerapauso txiki bat eman dugu; espero genuena, baina atzerapausoa.

Baina ezkortasun horretan interpretazio baikorra egiten hasita, erlojupekoan galdutako denborari esker aukera gehixeago izan dezakegu mendiko etapetan mugitzeko. Orokortasunera jota, berriz, argi dago Tourrak beste mugarri bat izan duela erlojupekoan. Chris Froome izan da indartsuena orain artean, eta erlojupekoan berretsi egin du nagusitasun hori. Tony Martinek bakarrik irabazi dio, eta oso gutxigatik. Horrek erakusten du gainerako hautagaien gainetik dagoela; garai batean Armstrong edo iaz Wiggins zeuden neurri berean. Froome, izatez, igotzailea da, gainera, eta mendiko etapetan ere antzeko Tourra ikusiko dugula iruditzen zait.

Hori bai, Sky taldearen ahultasunak sortu du itxaropen pixka bat. Ez dabil batere ondo. Richie Portek saio ona egin du, eta berpizten ari den itxura eman du. Baina bezperako etapan ere ikusi genuen taldekide bakarrarekin ibili zela Froome azken kilometroetako kokapen lanean. Indartsuena bera da, argi dago, baina ez dauka talderik indartsuena, eta ikuskizunari mesede egingo dio horrek. Aste honetan dezenteko lana egin beharko du Skyk lidergoari eusteko, eta mendiko etapetan Froome bakarrik uzteko aukera sor daiteke berriz ere. Ezin delako ahaztu azken urteotako azken asterik gogorrena izango duela aurten Tourrak. Pirinioak ez dira izan zailegiak, baina oso-oso gogorrak dira Alpeak; han pilatu dute gogortasun guztia, eta Tourraren zatirik gogorrena geratzen zaigu oraindik.

Esprinterako dira egokiak hurrengo bi etapak, baina larunbatekoa aproposa da ihesaldia helmugara iristeko; igandean ere, Mont Ventouxen amaituko den etapan, zaila egun guztian tropela kontrolatzea, 242 kilometro dauzkalako; Alpeetan ere urrutiko erasoak izango dira... Etapa irabazteko lehia eta sailkapen nagusikoa, bi gerra egongo dira, eta lehenengoan murgilduko gara gu, buru-belarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.