Ihesaldi batek erabaki du Tourreko harmagarren etapa, eta, nola ez, nik ihesaldien artea aipatu nahiko nuke. Telebistan edo egunkari batean beti gauza bera ikusten da. Alegia, ihesaldia osatu dela eta indartsuenak irabazi duela. Baina ni apur bat haratago joango naiz. Ikusten ez den hori aztertuko dut, lasterketa hasieran gertatzen dena.
Sarri esan izan dut etaparen lehen ordubetea izaten dela gogorrena, eta gaur [atzo] ere halaxe izan da. 40. kilometroan osatu da ihesaldia, eta hortik kontuak atera. Pentsa ordura arte zer-nolako abiadan ibiliko ziren denak. Nahiz etapan ez egon, ziurta dezaket guztientzat momenturik gogorrena izango zela ihesaldia osatu bitartekoa. Zaila da hori ulertzea, hasierak erraza dirudielako eta amaierak nekagarria, baina ez da hala. Telebistaz ematen ez dena da gogorrena, eta pena ematen dit pantailan ez erakustea, ikusgarria ere badelako.
Behin ihesaldia osatuta, 25 txirrindulari sartu dira aurrean. Interpretazio fidagarria egin daiteke, tropeleko talde guztiek izan dutela baten bat ihesean. Denek nahi izan dute helburua lortu. Horrek adierazten du ihesaldia osatzearen zailtasuna eta gogortasuna. Tropelari minutu baten aldea ateratzea ez da erraza izaten, eta etapan ikusi dugu hori. Dena den, denbora hori behin eskuratuta, tropelak ontzat jotzen du ihesaldia. Orduantxe taldeko bigarren zuzendariaren autoak aurrera jotzen du.
Faserik errazena hasten da orduan. Alegia, tropelarekiko aldea handituz doan momentu hori eramangarria izaten da. Tropelak lasai hartzen du kontua, eta iheslariek beraiek ere bai. Lasaitasuna, baina, telebista azaltzen denean amaitzen da. Errepidean aise nabaritzen da momentu hori: helikoptero soinua hasten da, kamera gehiago hurbiltzen dira... Usaindu egiten da.
Bada, 25 laguneko ihesaldi horretan ere ikusi da telebista noiz sartu den, banan-banan atzean geratzen joan baitira asko. Lau indartsuenak geratu dira aurrean, eta horietan indartsuenak irabazi du. Telebistan ateratzea gustukoen duenak, alegia. Hori bai, oso zaila da ihesaldietan etapa irabaztea. Artea da.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik
Ihesaldien artea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu