mikel reina
Hirukotik

Igoerak

2024ko urriaren 15a
05:05
Entzun

Urtarrilekoa da urteko igoerarik famatuena. Tourmalet, Alpe D’Huez, Gabibier baino gogorragoa izan daiteke. Hilabeteko osokoak izaten baitira. Baina badaude bestelako igoera batzuk, agian hainbesteko famarik ez dutenak, eta horiek bezain gogorrak direnak. Irailekoa horietako bat izan daiteke.

Oporretatik itzultzea ez delako inoiz samurra. Berdin dio lantokira, ikasgelara edo kantxara itzultzen den. Denek eragiten dute hanketako mina. Zelakoa, gainera. Denboraldiaurrearen garaia da, urte osorako giharrak sendotzeko garaia, hain zuzen ere. Baina guztiek ez dute berdin erantzuten. Gainera, askotan, iraila bera baino gehiago, urria izan daiteke txarragoa.

Denboraldi hasierak pentsatu baino garrantzitsuagoak izaten dira. Hasiera onak indarra eta konfiantza ematen dizu. Hasiera ez hain onak, ordea, zalantzak eta kezkak sortzen ditu. Horiek talde guztientzako dira, berdin dio tamainak. Hain zuzen ere, ikasgai nagusietako bat da denboraldiaurreko emaitzak hori direla, denboraldiaurre hutsa. Txapelketak jartzen du bakoitza bere tokian. Hasiera lehiaketako lehen jardunaldia da.

Lehen pedalkadak

Esan diezaiotela bestela, adibidez, Lointek Gernikari. Denboraldiaurre bikaina egin zuen, partida bakarra galduta, eta ezinean aritu da ligako lehen bi jardunaldietan. Mingarria izan da, batez ere, etxean galdu dituelako bi partidak. Hori gutxi ez, eta antzeko helburua izan beharko luketen bi talderen aurka galdu du. Talde gaztea izanik, asko dute ikasteko. Baina lehen ikasgaietako bat da txapelketak ez duela itxaroten.

IDK Euskotrenek ere ez du espero bezalako hasiera izan; ligan, behintzat. Europan, Izar Gorria menderatu zuen. Baina bi kasuetan, partidak berak baino gehiago, pabiloiak eman du zeresan gehiago. Hasteko, Josean Gaskan euriteengatik izandako itogin erraldoiak. Ondoren, Kanaria Handiko La Paterna kiroldegiko lurzoruaren irristakortasuna. Oso kexu agertu ziren jokalari donostiarrak, etengabe jausten baitziren jokalari zein epaileak. Duela astebete, horregatik atzeratu zuten Breoganen eta Teneriferen arteko ACB ligako partida. Emakumezkoena, ordea, ez zen bertan behera geratu.

Oses Ardoi, berriz, oraindik txapelketara ohitzen ari da. Lehenbizi, denboraldiaurre gorabeheratsua egin zuen; orain, berriz, sufritzen ari dira. Hasiera ere ez du samurra izaten ari: Perfumerias Avenida, Jairis eta Girona izango ditu aurkari lehen hiru jardunaldietan. Errealitate kolpe latza da. Hala ere, ligari neurria hartzeko, agian hobeto da horrela hastea.

Baina badaude kontrako joerak ere. Kutxabank Araskik, esate baterako, behetik gorako bidea egin du. Zaragoza indartsua mendean hartu zuen Mendizorrotzan. Espainiako Kopari edo ligako kanporaketei begira, eta zer esanik ez, mailari eusteko lehiari begira, urrea balio duen garaipena da. Batez ere, denboraldi hasierako aurreikuspenetan kontuan hartzen ez ziren horietako bat delako.

Etapak

Berdin esan daiteke Bilbo Basketek Miribillan lorturikoaz: Real Madrili irabazi zion. Egiari zor, azken urteetan partida handi horietako baten bat izaten dute Bilbo Arenan. Abisatu genuen bilbotarrek ezusteko bat baino gehiago eman zezaketela lehen jardunaldietan. Murtzian gertu izan ziren, eta partida horretatik «ikasi» egin zutela aitortu zuen Jaume Ponsarnauk. Gainera, entrenatzaileari Europa Kopak txandakatzeak egiteko, eta, batez ere, gazteei konfiantza emateko aukera ematen dio. Ligaxkan, behintzat, bai.

Baskoniak Bilbo Basketek egindako zaurian atzamarra sartu nahiko du gaur: Real Madril jasoko du Euroligan (20:30, Movistar). Madrildarren aurkakoak beti dira bereziak Buesa Arenan. Campazzo ez da arituko, Euroligak zigortu egin baitu, azken partidan, epaileekin tirabira izan eta gero. Antzeko bidea egiten ari dira Bilbo Basket eta Baskonia ACB ligan: gasteiztarrek luzapenean irabazi zioten Murtziari. Konturatu orduko, Pablo Lasorenak Euroligako bi partidetako lehen astean murgilduta daude.

Europako txapelketekin etapa berri bat zabaltzen delako. Aldapa gora etengabea da, batzuek hiru asteko lasterketak dituzte, eta, beste batzuek, ordea, aste bakarrekoak. Argi dagoena da ez batzuek ez besteek ez dutela ia etenik izango; hau da, igoera da guztia. Garaipenek eragiten duten errepidearen lasaitzea laburra izaten da, hurrengo aldapa berehala ikusten delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.