Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. 2013ko Frantziako Tourra. Nire txokotik

Igerilekura begira

2013ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Ondo hasi eta bukatu dugu atseden eguna. Polita izan zen bezperako etapa, Nieveren hirugarren postuagatik, batez ere. Eta animoek gora egin dute. Azken asteari ekiteko behar genuen horrelako emaitza bat, nahiz eta etaparik ez irabazi. Garaipena gertu ikusteak ere animatu egiten du. Mikelen lan onari esker, gustura esnatu gara. Mont Ventouxen magalean daukagu hotela, eta, aurreko asteko atseden egunarekin alderatuta, askoz ere erosoagoa izan da bigarrena, bidaiarik ez dugulako eduki.

Behin etapa amaituta, arratsalde osoa eduki genuen atseden hartzeko. Masajea hartu, afaldu, goiz oheratu, eta hamar ordu lo eginda esnatu gara. Gosaldu eta entrenamendu lasai-lasaia egin dugu. Carpentrans herriaren inguruan gaude, esan didatenez, Frantziako lekurik beroenetako batean. Eta, bai, bero egiten du, baina oso giro aproposa dago bizikletan ibiltzeko. Bazkaldu, bi orduko siesta egin, eta hementxe ari naiz orain, leihotik begira, Ruben Perez gelakidearekin erdi txantxetan. Igerilekua dago gure balkoiaren azpian, eta hor daude mekanikariak-eta lasai ederrean. Eurak ere lanez gainezka ibiltzen dira, eta merezitako atsedena hartzen ari dira. Guk, oraindik, beste astebete itxoin beharko dugu, ez delako komeni gorputza gehiegi erlaxatzea.

Beti esaten dudan moduan, oso arriskutsua izaten da atseden egunaren biharamuna. Txirrindulari asko gehiegi erlaxatzen dira bezperan, eta gorriak ikusten dituzte gero. Badirudi, gainera, ihesaldiak arrakasta edukitzeko aukera egongo dela, eta oso etapa aproposa izango da guretzat ere. Oso etapa gogorrak egin ditugu orain arte, baina Pirinioetan etapa bat izan zen bereziki gogorra; Mont Ventouxekoa ere bai, bukaera, batez ere... Baina Alpeetan dago benetako gogortasuna. Pozik gaude orain arte egindakoarekin, baina orain hasiko da benetako Tourra, eta guretzat ere hauexek dira etaparik aproposenak. Indarrez ondo gabiltza, gainera, eta saiatuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.