OSASUNA 0. CELTA 2

Hondoratzera doala dirudi

2014ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Nolitok (20. min.); 0-2: Nolitok (34. min.). Epailea: Gil Manzano. Txartel horia: Osasunako h djs fjkds; eta Celtako djhf dhsfj djks Bestelakoak: 18.299 ikusle Sadar futbol zelaian.

Getafe eta Elxen ustekabeko emaitza onen ondotik ekin zion atzo Osasunak Celtaren aurkako partidari, eta Javi Graciaren jokalariek argi zeukaten kale eginez gero lehenaz gain asko ilundu zitekeela etorkizuna. Gehiegizko presioa eragingo zien horrek, akaso. Ez dago jakiterik. Baina Osasunak partida tristea jokatu zuen oso. Hasieratik nagusitu zen Celta, eta nafarrak nora ezean aritu ziren, une oro. Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, ezin larriagoa da egoera.

Eta ez sailkapeneko postuagatik soilik. Jokalariak zelaian nora ezean, nekatuta eta borrokarako grinarik gabe ikustea izan zen kezkagarriena. Bigarren Mailara jaitsi ohi diren taldeen erabateko itxura dauka Iruñeko taldeak. Ezkutuan dituzten indarrak atera beharko dituzte Espanyolen eta Betisen aurka salbazioa lortu ahal izateko. Baina, atzokoaren ondotik, miraria dirudi horrek, tamalez.

Maila galtzeko arriskurik gabe Celtak jokoan ezer ez zeukanez, Osasunak erraztasunak izan zitzakeela uste zutenek hasiera-hasieratik ikusi ahal izan zuten ez zela halakorik izango. Gorritxoek jarri zuten baloia jokoan, baina nafarrek zelai erdiko arrastoa gainditu aurretik, bi gol aukera sortu zituen Celtak. Mario Bermejok area kanpotik egindako erremate bat lehenik, eta Fontasek korner batean egin zuen errematea gero. Denbora igaro ahala, ordea, behera egin zuen Celtaren hasierako joko alaiak, eta, ondo jokatu gabe ere, Osasunak partida irabaz zezakeela zirudien. Geldikako jokaldietan asko ari zen sufritzen Luis Enriqueren taldea. 20. minutuan, ordea, Nolitok markagailuan aurretik jarri zuen Galiziako taldea (0-1). Jokoz kanpokoa gutxigatik saihestuz, ederki kontrolatu zuen sakonean eman zioten baloia, eta Andres Fernandezen irteera maisuki gainditu zuen baloia loratu eta gola lortuz.

Celta, aurrealdean, gozatzen

Atzean sufritu arren, aurrealdean gozatzen ari ziren Celtakoak. Baloiarekin jolasean aritzeko gogoz zeuden Krohn-Dehli, Augusto, Orellana, Nolito eta Bermejo. Osasunak, gainera, erraztasun gehiegi eman zuen atzealdean.0-1ekoaren ondotik partida berdintzeko aukera onak izan zituen Osasunak. 25. minutuan kornerretik ia-ia zuzenean gola egin zuen Torresek, baina Celtako atzelari batek goleko arrastoan urrundu zuen baloia. Zortzi minutu geroago, Rierak buruz egin zuen erremate dotore batean, gelditu bikaina egin zuen Sergiok, eta aldaratzean are geldiketa dotoreagoa egin zion De Las Cuevasi. Aurrean barkatu ostean, Celtaren bigarrena iritsi zen bi minutu geroago (0-2). Augustok eskuinetik egin zuen erdiraketa batean Bertranek ez zion eragozpenik jarri Nolitori, eta aurrelariak ez zuen barkatu. Kolpe latza izan zen Sadarren bildutako 18.299 zaleentzat.

Atsedenaldiaren ondotik Acuña zelaian sartuta, zerbait aldatzen saiatu zen Javi Gracia. Baina okerrerako izan zen aldaketa apurra. Nora ezean ibili ziren Osasunako jokalariak bigarren zati osoan. Zaleak saiatu ziren harmailetatik taldea suspertzen, baina denbora pasatu ahala, alderantzizkoa gertatu zen: jokalarien kemenik eza harmailetaraino igorri zen, normala den legez. Riera eta Acuñaren bila bidalitako baloi luzeetan gorritxoek ez zieten kilimarik egiten Celtako atzelariei, eta faltetan eta kornerretan Arribas zen errematatzen zuen bakarra; asmatzen zuenean, ordea, bikain erantzuten zuen Sergio atezainak. Itxura kaskarragoa ematerik ez dago. Atzokoaren ondotik, gauza bakarra dago argi: Bigarren Mailara jaisteko hautagai argia da Osasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.