Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Hitzik gabe geratu naiz

Juanjo Oroz.
2011ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Triste nago, oso triste, kolpe gogorra izan delako Giroa utzi behar izatea. Bartzelonatik etxerako bidean noa, trenean, eta ez daukat umore handirik. Baina, tira, emaztea eta semea lehenago ikusteko aukera izango dut, eta gaitz erdi!

Aipatu nizuen alergien eraginez zenbat kostatu zitzaidan Girora puntuan iristea, baina lortu nuen. Bosgarren etapan, ordea, sterrato zatian erori, eta kolpe handia hartu nuen. Ordutik, eskua hazita eta gorputz guztia minduta eduki dut. Dena ondo lotuta lortzen nuen etapak amaitzea, baina ezker eskuarekin ezin nuen indarrik egin.

Neure esku zegoen erabakia, eta, kaskagogorkeriagatik, jarraitu egin nuen. Baina, noski, mendiko etapetako jaitsiera luzeetan berehala nekatzen zitzaidan eskua. Giau jaisten ari nintzela, azken bihurgunean, aurrekoak mugimendu azkar bat egin zuen, eta ez nuen eduki aukerarik eta indarrik erreakzionatzeko. Erori egin nintzen, eta gutxitan bezala geratu nintzen lurrean, etsita.

Erabat amorratuta egon nintzen... hotelera iritsi eta Nieve ikusi nuen arte. Oso harreman estua daukagu biok, eta, egin zuen etapa ikusita, erabat hunkitu ninduen. Nire barrua ezkor zegoen, amorratuta, baina Nievek eman zidan aurrera egiteko indarra. Anton, Nieve eta taldearengatik oso pozik noa etxera, baina triste ere bai, psikologikoki asko sufritu dudalako Giro honetan. Ea azkar berrindartzen naizen, eta BERRIAn istorio gehiago kontatzeko aukera izaten dudan. Bitartean, animo talde guztiari!

Baina zutabe hau ez nuke amaitu nahi Xavi Tondo aipatu gabe. Erorketagatik kexatuz ibili naiz Giro guztian, baina horrelakoetan jabetzen zara txikikeriak direla kontu horiek guztiak. Hitzik gabe geratu naiz albistea entzun dudanean. Amateur mailatik ezagutzen nuen Xavi. Txirrindularitzarekin maiteminduta zegoen, eta ez zeukan etsairik. Jota geratu naiz. Besarkada handi bat, benetan, familiari, Intxaustiri eta gertuko guztiei. Edozertarako badakizue non gauden!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.