Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Hiru kilo gizenago

Juanjo Oroz.
2011ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Atseden egun bat zer den galdetzen duenari esan lasai nire kasua aztertzeko. Atzo [herenegun] zauriak sendatzea zen helburu bakarra, eta horixe egin nuen. Behar nuen egun lasai bat. Euria, haizea... eguraldi txar-txarra zegoen, gainera, eta arrabolan ordutebeteko saioa eginda esan genion gorputzari adi egoteko, pixka bat izerditzeko. Gainerakoan, balantze eguna izan zen guretzat. Talde ikuspegitik, lehen etapa hauek ziren zailenak, eta Giroari ekin aurretik uste dut denok gustura egongo ginela gauden lekuan egongo ginela esan izan baligute.

Txirrindulariei begiratzen zaie beti, baina taldeko laguntzaileek ere behar zuten atseden pixka bat. Euren lana ezkutuan geratzen da, baina egun osoan ez dira geratu ere egiten. Ur bidoiak prestatu, etapan zehar leku estrategikoetara joan, mendateetan egunkari zatiak banatu, masajeak eman... Eurentzat ere oso gogorra izaten da hiru asteko itzuli bat. Etnan, adibidez, laguntzaileetako batzuk agurtu ondoren, hegazkinean eraman gintuzten gu hurrengo hotelera. Baina eurak autoan jaitsi ziren, ferryan sartu ziren gero, eta 800 kilometro egin behar izan zituzten autoan gure hotelera iristeko. Horregatik diot, denok gozatu genuela etzanda.

Hori bai, gaurko etapa ez zen oso gogorra, baina atseden egunak arriskutsuak izaten dira. Inoiz ez da jakiten hurrengo egunean gorputzak nola erantzungo duen, eta beharrezkoa da zerbait egitea. Eguneroko ohiturei eustea gustatzen zait niri. Gorputzak dena gordetzen du bestela, eta hurrengo egunean puztuta iristen zara irteerara. Bitxikeria gisa, erori eta hiru egunera hiru kilo baino gehiago gizendu nintzen, eta atseden egunean, ederki jan ondoren, kilo eta erdi argalago nengoen. Badirudi gorputza bere onera etortzen ari dela.

Biharko [gaurko] etapa polita da niretzat, gustatzen zait, eta ezagutzen dut, Tirrenoren batetik. Oso gogorra izango da, eta kalitate handiko ihesaldia sortuko da. Saiatuko naizen? Zaila izango da, zauriak osatzea baita lehenengo lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.