Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. 2013ko Frantziako Tourra. Nire txokotik

Hau da hau miseria

2013ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Zuek gozatu egingo zenuten telebistari begira, baina oso-oso gogorra izan da etapa. Gustura kontatuko nizueke aurrealdean zer gertatu den, baina, zoritxarrez, gurpila zulatu zait haize-babesa egiten hasi direnean, eta bakar-bakarrik geratu naiz, azken postuan. Haize-babesen borrokan murgilduta zebiltzan talde guztiak, eta momentu horretan ia-ia etxean ikusi dut neure burua. Burutik nahiko urruti nindoan, ez neukan inor ondoan, eta, zorionez, hamarreko taldetxo bat harrapatu dut helmugara iristeko 120 bat kilometro falta zirenean.

Horrek ez zuen ezer bermatzen, lasterketa zihoan bezala joanda, oso zaila zelako denbora barruan iristea. Irratitik entzuten nuen taldekideak bete-betean zebiltzala tropeltxo batetik bestera igaro nahian. Baina ideiarik ere ez neukan aurrerago zer gertatzen ari zen, eta nire miseria egunaren berri jasota etsi beharko duzue oraingoan.

Pentsatuko duzuen moduan, hamarreko taldea ez zen kalitate handikoa; bezperan eroritakoak, bendaz josita zihoazenak... Bete-betean ibili gara erreleboka, helmugara denboraren barruan iristea eta Tourrean jarraitzea zelako guztion helburu bakarra. Horrelakoetan ikusten da eskuzabaltasunik handiena, guztiok helburu bat eta bakarra edukitzen dugulako. Indarrak gorde, ez gorde, azpijoko handiagoa izaten da ihesaldietan.

Atzean ez, atzean ez da gertatzen horrelakorik. Bakoitzak ahal zuen moduan erreleboka, aurretik geratzen ari ziren txirrindulariak harrapatuz joan gara, eta 30eko talde polita osatu dugu azkenerako. Autotik erreferentziak emanez zihoazen, eta bagenekien gehienez ere hemezortzi bat minutu gal genitzakeela. Kalkulagailua aterata ibili gara une oro. Lau minutu lehenengo, sei, zortzi, hamar, hamabi... Bost kilometro falta zirela eman digute erreferentzia eta ia-ia esprintean egin dugu azken zatia, bagenekielako oso mugan ibiliko ginela.

Zorionez, denbora barruan iritsi gara. Baina, zer izango eta, autobusera igo naizenean, aurpegi serioak ikusi dizkiet taldekideei. Ideiarik ere ez neukan zer gertatu zen, baina argi dago miseria eguna izan dela denontzat. Baina, tira, hauxe da Tourra, eta Tourrean ez dago egun lasairik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.