mikel reina
HIRUKOTIK

Hasi eta buka

2024ko maiatzaren 7a
05:05
Entzun

Amaitzekotan, horrela izatea. Hori pentsatuko zuten askok joan den asteazkenean Buesa Arenatik ateratzean. Dena emanda, ezin zelako gehiagorik eman. Onena emanda ere galtzen duzunean, ez dago gehiago eskatzerik. Are gehiago aukerak izanda. Baina Real Madril zerbaitegatik da egungo Euroligako txapelduna. Azken hamahiru denboraldietan 11 aldiz jokatu du Lauko Finala. Baskoniak, ordea, bost urte zeramatzan kanporaketak jokatu barik.

Baskonia izan da Bartzelonarekin batera ACB ligako kanporaketetarako beti sailkatu den talde bakarra. Aurten, lehen aldiz, kanpoan gera daitezke gasteiztarrak. Marka da. Igandekoa aukera ezin hobea zirudien aurrerapauso garrantzitsu bat emateko, Manresak Zaragozan galdu baitzuen. Baina ezta horrela ere. Arabarrek denboraldia amaitutzat eman dezakete ostiralean Buesa Arenan Murtziari irabazten ez badiote. Bilbo Basketek ezer gutxi lagundu ahalko die Manresaren aurka. Oso garrantzitsua da denboraldiak behar bezala amaitzen jakitea, eta bi euskal taldeek badirudi ez dutela lortuko.

Tiago Spliterren omenaldiak ez zuen espero bezalako amaiera borobila izan. Dusko Ivanovic, haserre baino gehiago, atsekabetuta zegoen. Oraingoan, jokalariek, ez denek behintzat, ez zuten dena eman. Buesa Arenan eskegita dauden bost elastikoak jantzi zituztenekin ez zen hori gertatu: Pablo Prigioni, Sergi Vidal, Igor Rakocevic eta Luis Scolarekin. Spliterrek berak aitortu zuen, kalitateari esker baino gehiago, lanari esker egin duela bidea. Eta zelakoa, gainera. Hori baita ibilbidea egiteko funtsezko osagaietako bat.

VIP

Euroligari ezin zaio gehiago eskatu. Antolatzaileari, bai, ordea. 2005ean hiru partidako kanporaketak ezarri zituztenetik, lehen aldiz kanpoko taldeek hiru garaipen eskuratu zituzten. Olympiakosek, Fenerbahcek eta Maccabik, aldiz, ez dute lortu abantaila horri eustea. Hiru bosgarren partida izango ditugu gaur eta bihar artean: gaur, 20:15ean, Atenasen; eta, bihar, 18:00etan Monakon, eta 21:00etan, Bartzelonan. Ikustekoak izango dira hirurak. Berdintasuna izan da nagusi guztietan, eta bakoitzak bestearen etxean irabaztea lortu duela kontuan hartuta, edozer pasa daiteke.

Ideia bera darabilte buruan azken asteetan Euroligako kantxetan. Edozer pasa daiteke kantxatik kanpo. Panathinaikosen eta Maccabiren artekoa bero dago lehen partidatik, eta Giannis Giannakopulos Greziako taldearen jabearen jarrerak ez du laguntzen. Israeldarrek denboraldi osoa Belgraden zalerik gabe jokatu ostean kanporaketetan sartu ahal izateak ere ez du lagundu. Hain zuzen ere, pabiloietako kantxako lehen lerroko ikusleek eman dute zeresana. Jakin badakigu nortzuk duten gaitasuna jesarleku horietan jartzeko: VIPak. Aukera hori izateak ez du edozer egiteko eskubidea ematen. Atenasen eta Istanbulen batez ere erabateko askatasuna izan dute nahi izan dutena egiteko. Jokalariak metro batera ikusi ahal izatea pribilegio ona izan beharko litzateke, ez txarra. Izan ere, horrelako irudiek, kantxatik kanpokoek, kantxa barrukoek baino ikusgarritasun handio izan ahal dutelako. Eta hori ez litzateke inoiz pasatu beharko.

Alde horretatik, Euroligak NBAtik asko du ikasteko oraindik. NBAn txapelketaren irudia zikintzen duen edozer, oso txikia bada ere, errotik mozten dute. Ez dute zalantza egiten. Produktua zaindu beharra dago, bestela, saltzeko zailagoa baita. Hori Europan zailagoa da norbere eskua ez duelako moztuko. Ez dizkiote norbere buruari isun handiak jarriko; diru apur bat irudikeriagatik, eta listo.

Bestelakoak

Beste bat. ACB ligako taldeko beste talde bat heldu da emakumezkoen ligara: Joventut. Argi dago bestelako ikusleak erakartzen dituela, baina ez dakit zalerik onenak diren. Zaragozaren eta Valentziaren arteko kanporaketan zaleen arteko liskarrak egon dira. Biak egon beharko lirateke pozik, biek Euroliga jokatzeko aukera izango baitute datorren denboraldian. Etzi hasiko da Perfumerias Avenidaren eta Valentziaren arteko finala, hiru partidatara. Hauek ere denboraldia amaituko dute. WNBA, berriz, astebete barru hasiko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.